Alfontso VII.a Enperadorea
Alfontso VII.a Enperadorea Caldas de Reyes-en jaio zen 1105ean eta Fresneda-n hil 1157an. Gaztelako erregea (1126 - 1157) eta Gaztela Leongoa (1135 - 1157). Raimundo Borgoniakoa eta Urraka erreginaren semea.
1127an, bere aitaorde eta euskaldunen errege zen Alfontso I.a Borrokalariarekin sinatu behar izan zuen Tamarako Hitzarmena. Geroago, Leongo enperadore izendatu zuten (1135) eta Gartzia IV.a Ramirezek aurre egin zion Tuterako batailan (1137). Penintsulako konkista bultzatu zuen eta Baeza, Almeria (1147) eta Ucles (1150) konkistatu zituen, baina almohadeek Almeria berreskuratu zuten eta Sierra-Morenaraino iritsi ziren.
1151ko urtarrilaren 27an, Ramon Berenguer IV.a Bartzelonako kondearekin hitzarmen bat sinatu zuen Tudellen-en (Fitero ondoan): musulmanei eta nafarrei kendutako lurralde guztiak Gaztelarrentzat izango ziren. 1153an, ordea, Nafarroako Antso VI.arekin beste itun bat sinatu zuen Sorian. Horren arabera, errege nafarra Gaztelako erregearen menpe geratuko zen ondoko hauen truke: Santxarekin ezkontzea; lurralde batzuek ematea (Artaxona, Larraga eta Zebror gaztelarraren alaba Urrakarentzat gelditu ziren) eta bakea mantentzea. Alfontso hil zenean Nafarroako Antso VI. Jakitunak bere lurraldeak berreskuratu zituen.
Bere agintaldian Portugalek independentzia lortu zuen. Erreinua bi semeen artean banatu zuen: Gaztela, Antso III.ak eta Leon, Fernando II.ak hartu zuten.
Iturria: Elhuyar/ Lur