<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
EAJ-PNV - Euzko Alderdi Jeltzalea
Hego Euskal Herriko alderdi politiko abertzalea, Sabino Arana Goirik fundatua "Jaun-goikua Eta Lagi-Zarra" (JEL) lemapean (Bilbo, 1895); horregatik alderdi jeltzalea ere deitzen da. 1893an Sabino Arana Goirik emandako hitzaldietan eta egindako bileretan mamitu zen alderdia sortzeko asmoa. Aranak berak, nazio-kontzientzia hartu zuenean, tresna politiko bat sortzeari ekin zion; Foruak galdu ondoren zapalduta geratu zen Hego Euskal Herria askatzea zuen helburu. Espainiarako Errepubliken Konfederazio-erregimena bultzatu nahi zuen; katolikoa, tradizionalista eta euskal herrialdeen konfederazioaren aldeko azaldu zen.
Independentista zen neurrian estatuko politikari kontrajartzen zitzaion. Hasieran oso harrera eskasa izan zuen; 1898ko hauteskundeetan ez zuen emaitza onik lortu, baina hurrengoetan Bilbon bost zinegotzi jarri zituen eta Bizkaiko beste herri askotara ere hedatu zen. Sabino Arana hil aurretik, joera independentista baztertuta autonomista hartu zuen. Arana hil zenean Anjel Zabala Ozamizek hartu zuen alderdiaren zuzendaritza (1903); nazionalismoa biziki indartu zen eta EAJ Hego Euskal Herri osora zabaltzen hasi zen. Nazionalismo zabaltzearekin batera, EAJn barne-eztabaida piztu zen 1905etik aurrera: batetik, mugimenduaren izaera independentista mantentzearen aldekoak zeuden, "sabindarrak" (Luis Arana eta bere jarraitzaileak); bestetik, Bizkaiko ekonomian eragina zuten burgesek osatutako talde autonomista, "sotatarra", Ramon Sota buru zuena. Eztabaida handiak eduki zituzten eta alderdiak eginiko lehen Batzar Nagusian Sotaren burgesia nazionalista moderatua irten zen garaile (1908).
Loturak: >Agerre, Jose;>Agirre, Joxe Antonio; >Jesus Galindez; >Karlos Garaikoetxea; >Eugene Goinetxe; Euzkadi aldizkaria; >Julio Jauregi; >Antonio Maria Labaien; >Frantzisko Landaburu; >Eduardo Landeta; >Lauxeta; >Jesus Maria Leizaola; >Liga Internacional de Amigos de los Vascos; >Ixaka Lopez Mendizabal; >Ugalde Orradre, Martin; >Uzturre, Jesus Insausti; >Zabala Ozamiz, Anjel;
Iturria: Harluxet