<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

1631ko gatzaren matxinada Bilbon

Bizkaian, baina batez ere Bilbon, XVII. mendean sortu zena, Gatzaren Matxinada izenez ere ezaguna. 1631n lehena; 1632an bigarrena eta 1633 - 1634 bitartean azkena, Olivares Konde-dukeak errepresio gogorrez amaitu zuena.

Nekazaritza-guneetan gaztelaniaz idazten eta irakurtzen zekiten nobleen eskuetan zegoen botere publikoa. Bizkaiko nobleziaren eta Gaztelako koroaren harremanak onak ziren, baina, koroaren gerra-gastuak nekazariei ezarritako zerga-diruarekin estaltzen zituen, horrek gizartean ondoeza sortu zuen. Erregeak Erret Haziendari bakarrik eman zion jaurerriko gatza gordetzeko eta saltzeko baimena, Gernikako Batzarra Nagusiak kontraforu-baimena aplikatu zuen eta gatza ez gordetzea erabaki zuen (1631).

1631ko iraila eta 1634ko maiatza bitartean etengabe izan ziren liskarrak Bizkaian, Bilbon batez ere. Merkatariak matxinadara bildu ziren beren merkataritza interesak gordetze asmoz eta errebindikazio berriak azaldu ziren: burdinaren eta artilearen salerosketa librea, ohiko aduana tasak kentzea eta ogasun libre sortu ahal izatea. Nolanahi ere, gatazka hura erradikalizatzen joan ahala, merkatari asko bestaldera joan zen. Espainiako errege Felipe IV.ak bortizki egotziko baitzuen errebindikazio mugimendu hura.

1631ko urtarrilaz geroztik areagotzen ari zen ezinegona indarrez lehertu zen Bizkaiko jaurerriko Batzar Nagusia Gernikako zuhaitzaren pean bildu zenean, irailaren 24an. Inguruko elizateetatik etorritako nekazari kopuru handi batek (1.500 Sagarminagaren esanetan) batzarra egitea eragotzi zieten han bildutakoei, Batzar Aretoan indarrez sartu ziren batzarra desegitera, oihuka eskatu behar izan zuten diputatuek euskaraz hitz egin zezatela eta diputatuak jende xehearen artean eta ez fraka beltzak janzten zituztenen artean, zaldunen artean alegia.

Garaiko kronikek diotenez arriskuan egon zen bai korrejidorearen bizia, bai eta beste hogei edo hogeita hamar zaldunena ere, Bizkaiko Jaurerriko eskubideak defendatzerakoan jendeak, dudarik gabe, epelkeria edo axolagabekeria egozten baitzien. Hurrengo urtean, 1632ko matxinada piztuko zen berriro.

Iturria: Lur Entziklopedi Tematikoa/ Harluxet