<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

1633-34ko gatzaren matxinada Bilbon

Bizkaian, baina batez ere Bilbon, XVII. mendean sortu zena, Gatzaren Matxinada izenez ere ezaguna. 1631n lehena; 1632an bigarrena eta, 1633 eta 1634 bitartean azken hau.

1632ko abenduaren 10ean, Lope de Morales korrejidore titularra Bilbora itzuli zenean, lasaitu zen pixka bat Gatzaren matxinadaren ondoren sortutako giro nahasia. Baina 1633ko otsailean berriro matxinatu ziren bilbotarrak. Orduan egin zen batzarrean, herriaren errebindikazioak Foruen defentsa eta gatza saltzeko debekua kentzea baino haratago joan ziren. Matxinatuek 11 errebindikazioko laburpena egin zuten, besteak beste: ordezkarien eta arduradunen izendapenak baliogabetzea, zerga berriak kentzea, Gasteizen eta Elgoibarren tasa berriak ez ezartzea, Gaztelara esportatzen zen burdinari legeak agintzen zituenez gain bestelako albala zergak ez jartzea; horiez guztiez gain, Rivadabiako (Ourense) ardoaren inportazioa debekatzea, merkataritza harremanak bultzatzea eta Ingalaterrarekiko neurri murriztaileen aurka politika ekonomikoa sustatzea.

Felipe IV.ari eskatzen zitzaion gainera, Férnandez del Campo eta foruak hautsi zituzten beste batzuk zigortzea. Ikusten denez garai hartarako independentziatik hurbil egon zitekeen errebindikazio taula zen matxinatuena. Hasiera batean zergen igoera neurrigabeak sortu zuen gatazka, baina mugimendu hura gero eta erradikalagoa bihurtu zen; azkenerako, Bizkaiko Jaurerriko gobernu osoa zalantzan jarri zuen. Egoera erradikalizatu izanak leinu zaharren aldera bultzatu zituen merkatariak, eta hala eskatu zioten erregeari "erabaki zezala, matxinadako buruzagiak zigorturik, Bizkaiko Jaurerria gatzaren zergatik libratzea, eta Jaurerri horri ematea lehen zuen gobernua, eta izendatzea ikuskari bat merkataritzak behera egin ez zezan".

Olivares konde-dukeak bi aldeko politika egitea erabaki zuen: aldi berean zaintzea Bizkaiko jaurerriaren interesak eta erregearenak. Nolanahi ere, itxuraz bare baina lehertu beharrean egon zen giroa 1634ko udaberria arte. Apirilean, erregeak amore eman zien Bizkaiko Jaurerriko eskakizunei; hitz eman zuen beraz foruak beteko zituela, eta kenduko zuela gatza saltzeko debekua. Baina indarkeria erabili zuen aldi berean. 1634ko apirilaren 20an sartu ziren Bilbon erregearen soldaduak, Joan Alonso de Idiakez gipuzkoarra, Ciudad Realeko dukea, buru zutela, matxinada hartako buruzagi nabarmenenak hiltzeko aginduarekin.  Erregeak hamabi bizkaitar eta hainbat atzerritar hil ondoren, bizia barkatu zien matxinadan esku hartu zuten beste bizkaitarrei. Haietako sei Idiakezek berak hil zituen.

Iturria: Lur Entziklopedia Tematikoa