Felipe V.a
Felipe V.a Versailles-en jaio zen 1683an eta Madrilen hil zen 1746an. Espainiako lehen errege borboia (1700 - 1724 eta 1724 - 1746). Luis Dofin Handia eta Maria Ana Bavierakoren semea. Frantziako Luis XIV.aren biloba zen beraz. Lehen emaztea Saboiako Maria Luisa izan zen, eta hura hil zenean (1714 - II), Isabel Farnesekin ezkondu zen (1714 - IX).
Karlos II.ak Felipe V.a oinordeko izendatu zuen, orduan Austriako Karlos artxidukea tronurako lehian hasi eta austriarren kontra Lehenengo Ondorengotza-Gerra piztu zen (1701 -1714). Utrecht eta Rastatt-eko itunetan Felipe V.a erregetzat ezagutu zuten, baina Espainiak Europan zituen lurrak galdu zituen: Napoli Sardinia, Toskana, Belgika eta Milan; gainera Gibraltar eta Menorka Ingalaterraren esku geratu ziren; ondorioz, Inperioaren gainbehera areagotu zen. Frantziak euskal arrantzaleen kaltetan Ternuako bakailaoaren arrantza-tokiak Ingalaterrari eman zizkion eta Kataluniak, Valentziak, Mallorcak, eta Aragoik foruak galdu zituzten. Isabel Farnese bere bigarren emaztea eta Julio Alberoni kardinalaren eraginez, Sardinia eta Sizilia berreskuratzen saiatu zen (1717 -1720), baina, Aliantza Laukoitzak (Ingalaterra, Frantzia, Probintzi Batuak eta Austriak) indarrez eragotzi zion hori. Alberoni kargutik kendu eta Aliantza laukoitzari lotu zitzaion.
Felipe V.ak lur-barneko aduanak itsaso portuetara eraman nahi izan zituenean, Bizkaiko jaurerria eta Gipuzkoako eskualde batzuk 1718ko matxinada piztu zuten. 1724ko urtarrilean abdikatu egin zuen, Luis I.a ondorengoak otsailean erregetu zen, baina sei hilabete geroago hil (1724 - VIII -31) eta Felipe V.a agintera itzuli zen. Neurri batean Euskal Herrian indarrean zeuden foruei esker Carakas-ko Erret Konpainia Gipuzkoarra sortu zen (1728). Frantziarekin familia ituna sinatu zuen (1733) eta ondorioa, Bigarren Ondorengotza gerra, edo Poloniakoa (1733 - 1738) eta Hirugarren Ondorengotza gerra, edo Austriako (1740 - 1748) piztea izan zen. Bere azken urteetan hipokondria eta eromen sintomak izan zituen. 1746an hil zen, eta Segoviako La Granjan ehortzi zuten.
Loturak: >Habsburgeko etxea; > Jean Bonaventure; >Baltasar Hurtado Amezagakoa; >Jose Antonio Ibañez; >Orléansko dukea, Felipe II.a; >Urbina, Joan Manuel;
Iturria: Elhuyar/ Lur