Europa

Grekoei esker munduaren kultur eta ekonomi zentroa Mediterraneoaren erdialdean finkatu zen eta gero Mendebalderantz higitu zen. Grekoek Ekialdeko kulturak sintetizatu eta kultura modernoaren oinarriak ezarri zituzten. Ondoren, Erromatarren garaia etorri zen. Erromako Inperioak Europaren hegoalde eta mendebalde osoa menperatu eta antzinako munduaren zuzendaritza eskuratu zuten. 410ean Alariko I.aren inbasioak Inperioa puskatu egin zuen eta 476an, zenbait erresuma independentetan banaturik gelditu zen. 911n arabiarrek Iberiar penintsula hartu eta Iparraldera egin zuten, Okzitaniako Tolosaraino iritsi ziren. Baina, Baskoniako eta Akitaniako duke Eudon Handien osteek menperatu egin zituzten (721); buruzagi europar batek arabiarren kontra lortzen zuen lehen garaipen garrantzitsua izan zen.

732an, berriro, Karlos Martelek Poitiersen gelditu zituen. Hala ere, arabiarrek Iberiar penintsulan XV. mendera arte iraun zuten. Karlomagnok Mendebaldeko Erromatar Inperioa berpiztu nahi izan zuen, Ekialdeko Erromatar Inperioari eta arabiarrei aurre eginez. 800ean Leon III.a aita santuak Karlomagno erromatarren enperadore izendatu zuen. Baina Karlomagno hil ondoren inperioa puskatu egin zen. Gero, 962an, Oton I.ak Erromatar-Germaniar Inperio Saindua sortu zuen, Europako erdialde osoa hartzen zuena. Orduantxe hartu zuen Europa hitzak esanahi kultural eta politikoa. Inperioak luze iraun zuen, baina kohesio handirik gabe. Enperadoreek aita santuen botere eta itzala onartzen zuten, baina Ipar-Mendebaleko erregeek politika nazionalista egin zuten. Mongolek Europako ekialdea inbaditu zuten eta Errusia XVII. mendera arte haien menpe egon zen. XV. mendean turkiarrek Konstantinopla hartu zuten, Bizantzioko inperioa deuseztatuz eta Otomandar inperioari hasiera emanez.

Erdi Aroaren amaieran aurkikuntza garrantzitsuak gertatu ziren (gutenberg-ek inprenta, iparrorratza) eta Kristobal Kolonek Amerika aurkitu zen. Horri esker Espainiak hartu zuen nagusigoa Europan eta Frantziak ondoren. Bitartean, Erreforma protestantea gertatu eta Europako mendebaldea zatiturik gelditu zen, gerra erlijioso-politikoetan murgilduta. XVIII. mendean Ingalaterrak eta Probintzia Batuek itsas merkataritzan nagusitu eta industria iraultza modernoaren oinarriak ezarri zituzten, Europako nagusigoa lortuz. Iraultza Frantsesak (1789) ideia liberal eta errazionalistak hedatu zituen Europa osora eta aldaketa sakonak eragin zituen arlo politiko, ekonomiko eta sozialean.

Napoleon I.a Bonaparteren inperioak Europa batuaren ideia piztu zuen, baina Frantziaren gidaritzapean izatekotan. 1814ean Vienako kongresuak haren inperioa deuseztatu egin zuen. XIX. mendean Europak langile-mugimenduak eta sozialismoa jaiotzen ikusi zituen. Aldi berean inperio kolonial handiak sortu ziren, Europako potentzia handiek Afrika, Asia eta Ozeanian koloniak eratuta. Errusiako inperioak Finlandia eta Polonia bereganatu zituen eta Italiak, Austriarekin borrokatu ondoren, independentzia lortu zuen 1870ean. 1914an, Lehen Mundu-Gerra hasi eta handik aurrera Europaren nagusigoa munduan beheraka hasi zen. 1917an Errusiako iraultza gertatu eta gobernu marxista ezarri zuten. Faxismoa jaio zen Italian Mussolinirekin (1922), eta nazismoa Alemanian Hitlerrekin (1933). Europa batua bai, baina arrazista eta totalitarioa zuten helburu. Espainian, berriz, Faxisten estatu kolperekin piztu zen gerra. 1939an, Bigarren Mundu-Gerra hasi zen Europan. 

Gerra amaieran, Europa bi bloketan erdibituta gelditu zen: mendebaldea, AEBen eraginpean; eta ekialdea, SESBrenean. Ondorioz, Europaren indarra eta eragina munduan oso murriztu zen. Elkarren arteko liskar eta gerrak amaitzeko asmoz sortu zuten Europako Ikatz-Altzairuaren Elkartea. 1956an, Hungarian matxinada zen eta sobietarrak Budapesten sartzen dira.

 

1989an hasita, bloke sozialistako estatu guztiek gobernu- eta erregimen-aldaketa aldarrikatu zuten. Bitartean, mendebaldeko estatuen arteko lotura eta harreman ekonomikoak estutzen joan ziren; EEE garatu eta zabaltzetik 1993an Europako Batasuna (EB) sortu zen. 1995ean, 15 estatu biltzen zituen eta 2004an beste 10 sartu ondoren 25 estatuk osatzen dute.

Iturria: Harluxet