Karlomagno - Karlos I.a Handia
Karlomagno, edo Karlos I.a Handia, 742an jaio zen eta Aix-la-Chapellen hil 814an. Dinastia karolinjioen buru, frankoen errege (768 - 814), Lonbardiako errege (774 - 814) eta Leon III.a aita santuak izendatuta: Mendebaldeko enperadore (800 - 814). Pepin Laburraren semea.
Pepin Laburra hildakoan erresuma banatu egin zen Karlomagno eta Karloman anaien artean. Karloman hildakoan (771), Karlomagno bihurtu zen errege bakarra. Lonbardiarrak garaitu zituen eta Italiaren iparraldeko nagusi bilakatu zen (774). Lupo II.a Baskoniako dukea menperatu eta Akitaniako erresuma sortu zuen; Abd ar-Raman I.a Kordobako emirraren eta haren Zaragozako gobernadore baten arteko liskarrez baliatuz musulmanen konkista gelditzen saiatu zen, Nafarroan sartu eta, aldi berean, Kataluniatik bidali zituen bere gudarosteak. Zaragoza sinbolikoki hartu eta itzultzean, Frantziako bidean zihoala, baskoien kontra eraso egin zuen. Iruñeko harresiak suntsitu egin zituen, baina Pirineoak pasatzerakoan, baskoiek, Lupo II.a buru zutela, Orreagan prestatutako segadan erori eta bere iloba Errolan, Bretainiako Markako dukea, hil zuten. Ondorioz, bere armadaren erretagoardia galdu zuen, 778ko abuztuaren 15ean.
Gertakizun hori ezusteko handia izan zen frankoentzat eta hura estaltzearren "Chansons de Roland" izeneko kantu epikoa asmatu zuen Turold-ek. Pirineoetako hegoaldean musulmanak gerarazteko segurtasun-zona ezarri zuen (Espainiako marka) eta Bretainian gauza bera egin zuen Iparraldeko herrien aurka (Bretainiako marka, 789 -790). Bavarian manupekotasuna ezarri (787), Saxonia anexionatu (799), eta frisiarrak (785), Panoniako abaroak (791 - 796) eta saxoniarrak (804) garaitu eta kristautasuna ezarri zien. León III. aita santuak longobardoen errege eta mendebaldeko enperadore izendatu zuen eguberri egun batean, 800eko abenduaren 24an hain zuzen ere.
Karlomagno gerra-aitzindari eta errege kristau nagusia bihurtu zen eta bere meneko herri guztiei kristautasuna ezarri zien. Bere menpeko lurraldeak, Hispaniako markatik Danubio eta Elba ibaietaraino, eta Italiatik Danimarkaraino antolatzen ahalegindu zen. Errege absolutua izan zen, zaldun frankoen arteko aholkulari batzar bat baldin bazuen ere; "Jainkoak koroatua" deitu zion bere buruari; berak izendatzen zituen apezpikuak eta abadeak; berak deitu zituen kontzilioak eta berak fideltasuna zin egitea inposatu zien pertsona libre guztiei. Konkista leku bakoitzean konderria antolatu zuen eta legeak araudi batean bildu zituen.
Hala eta guztiz ere, berpizkunde kultural garrantzitsuaren bultzatzaile izan zen: bere jauregian eskola bat sortu zuen eta monasterioetan arte-lantegiak ugaldu zituen, bere garaiko jakintsuak biltzen ahalegindu zen: Alkuino, York-ekoa; Pedro, Pisakoa; Paulo, Diakonoa; Eginardo... Nekazaritza, industria eta merkataritza sustatu zituen. Horrela, batetik kristautasunaren hedakuntza garatu bitartean, bestetik, Ekialdearekin merkatal harremanari berriro ekin zion. Bera hil aurretik bere seme Ludoviko Pio edo Luis Errukitsua deitutakoa koroatu zuen, 813-14an. Karlomagnoren biografia Eginardok idatzi zuen.
Iturria: Elhuyar/ Auñamendi Entziklopedia/ Lur