Europako Batasuna (EB)
Europako hainbat estaturen arteko erakunde ekonomiko eta politikoa. 1951n, Alemaniako Errepublika Federala, Belgika, Frantzia, Italia, Luxemburg eta Herbehereek EIAE, Europako Ikatz-altzairu Elkartea sortu zuten, ikatz eta altzairuaren produkzioa eta merkatua kontrolatu eta merkatu bateratua lortzearren. Europako Batasuna sortzeko hainbat Itun sinatuaren ondorioz Elkartea zabaltzen joan da. Batez ere, 1992an Europako Ekonomi Elkartea osatzen zuten estatuen artean sinaturiko Maastricht-eko itunetik aurrera. Europako Elkarteko hamabi estatuek sinatu zuten eta beste hiru sartu ziren 1995ean (Austria, Finlandia, Suedia). 1994an Essen-en egindako bileran Europako ekialdeko hainbat estaturi ere EBko partaide izateko ahalbidea ireki zien estatuburuen Kontseiluak. Ondorioz, 2004ko maiatzaren 1ean sartutako 10 herrialdeekin osatzen dute egungo zerrenda:
1957an: Alemaniako Errepublika Federala, Belgika, Frantzia, Herbehereak, Italia eta Luxenburgo.
1973an: Erresuma Batua, Danimarka eta Irlanda.
1981ean: Grezia.
1986an: Espainia eta Portugal.
1995ean: Austria, Finlandia eta Suedia.
2004an: Estonia, Letonia, Lituania, Polonia, Txekiar Errepublika, Eslovakia, Hungaria, Eslovenia, Malta, Zipre greziarra.
Antolaketa administratiboa: Ministroen Kontseilua. Bruselan du egoitza. Estatu kideetako ministro banarekin osatuta dago. Europako Batzordeak aurkezten dizkion proposamenak onartu, aldatu edo baztertu egiten ditu Kontseiluak. Europako Batzordea. Bruselan du egoitza. 20 komisariaz osatuta dago. Batzordeak proposamenak landu eta aurkeztu egiten dizkio Kontseiluari eta honen erabakiak betearazi egiten ditu. EBko funtzionarioak kontrolatu eta Batasunaren politikak bideratzen ditu. Europako Parlamentua. Strasbourg-en du egoitza nagusia. Legegintzako biltzarra da. Europako Batzordearen proposamenei buruzko iritzia ematen du Parlamentuak, eta Ministroen Kontseiluak har ditzakeen arazoetan ahalmen legegilea du, baina betiere azken erabakia Kontseiluari dagokio. Halaber, Parlamentuak beto-eskubidea dauka Europako Batasunak kanpoko beste estatuekiko egin ditzakeen elkartze- eta kooperazio-hitzarmenei dagokienean. Bestalde, Europako Batzordearen kontrol politikoa egiten du Parlamentuak; eta horren aurka zentsura-mozioa aurkez dezake. Azkenik, Parlamentuak ahalmena du edozein gai eztabaidatzeko, bere araudiaren arabera.
Europako Justizi Auzitegia. Luxemburgen du egoitza. Estatu kide adina epailez osatuta dago, estatu bakoitzeko gobernuak aukeratuak. Auzitegiari dagokio Batasuneko lege eta arauak bermatzea eta uniformeki interpretatzea; gainera, Batasuneko legeekin bat ez datozen estatu kideen legeak baliorik gabe utz ditzake. Ministroen Kontseiluaren eta Batzordearen ekintzak epaitzen ditu eta estatuen arteko hainbat gatazkatan nahiz hiritarrek beren estatuko agintarien zenbait ekintzari buruz aurkezturiko helegitetan eskumena du. Bere epaiak derrigorrez bete beharrekoak badira ere, ez dauka lege-hausteak zigortzeko ahalmenik. Oinarrizko organo horiez gain, EBko estatu guztietako buruek edo gobernuburuek eta atzerri-ministroek gehi Europako Batzordeko lehendakariak eta lehendakariordeak Europako Kontseilua osatzen dute; sei hilabetez behin biltzen da eta seihilero txandakatzen dira estatuak lehendakaritzan. Kontseilua ez da organo ofiziala, baina bera da, de facto, Batasunaren irizpide politiko orokorrak zehazten eta ildo nagusiak ezartzen dituena gainerako organo ofizial guztien gainetik. Gainera Europako Batasunak bigarren mailako hainbat erakunde ditu: Erregioen Batzordea (1994an sortu zen, Maastricht-eko itunean onartutakoaren arabera. Euskal Autonomi Elkarteak eta Nafarroako Foru Komunitateak ordezkari bana dute Erregioen Batzordean. Udal edo erakunde lokaletakoek ere parte hartzen dute; aholku-emaile hutsa da eta ez du erabakietan parte hartzeko inolako tresnarik), Batzorde Ekonomiko eta Soziala (aholku-emailea) eta Kontu Auzitegia (EBren finantzak kontrolatzen dituena).
Iturria: Harluxet/ Berria-269