<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Bigarren Mundu-Gerra (1939 - 1945)
Batetik, Lehen Mundu-Gerraren ondoren, Versailesko itunean Alemaniari ezarri zitzaion gehiegizko kalte-ordaina; eta bestetik, 1939ko krisia eta Europan indarra hartzen ari ziren nazionalsozialismo eta faxismoa izan ziren gerraren sorburua. Bigarren Mundu-Gerran ia estatu guztiek parte hartu zuten (Suitza, Suedia, Espainia, Turkia, Irlanda eta Hego Amerikako zenbait herri izan ezik). Hirurogei milioi soldadutik gora aritu ziren gerran zuzenean eta, beste horrenbeste langile aritu ziren armak eta gerra-tresnak egiten. Ardatz totalitarioaren potentziak (Alemania, Italia, Japonia... ) eta mendebaldeko demokraziaren eta komunismo sobietarraren, aliatuak (Ingalaterra, Frantzia, SESB, AEB...) elkarren aurka aritu ziren (1939 - 1945).
Hitlerrek armada berrantolatu ondoren Txekoslovakiako zati bat eta Austria bereganatu zuen (1938); ondoren, Danzig-erako bide bat lortzeko aitzakiarekin Polonia inbaditu zuen, 1939ko irailaren 1ean. SESBk Poloniako ekialdea hartuz erantzun zuen. Polonia bi potentzien artean banatuta gelditu zen. Churchillen eskutik Ingalaterrak, eta Frantziak, Alemaniari gerra deklaratu zioten (1939-IX-3). SESBk Poloniako ekialdea hartu zuen eta Polonia bi potentzien artean banatu zen. 1039ko irailaren 3an Ingalaterra eta Frantziak Alemaniari gerra deklaratu zioten. AEBek hasieran parte hartu ez bazuten ere, aliatuei arma eta hornidurak bidali zizkieten. Sobietarrek Finlandiari eraso zioten (1939ko urria), bitartean, Alemaniak Danimarka eta Norvegia hartu zuen. Une horretan eratu zen mendebaldeko frontea.1940an, Alemaniak Herbehereak, Belgika, Luxenburg eta Frantziako zati handi bat inbaditu zituen. Ekainaren 14an alemaniarrak Parisen sartu ziren, bi egunetara, gobernu frantsesak agintea utzi eta Vichyn, Pétain mariskala jarri zen Vichyko gobernuko buru. Ardatzeko potentziei aurre egiteko, Ingalaterra bakarrik gelditu zen eta Alemaniak Frantziatik egindako aire-erasoak jasan behar izan zituen. Halaber, Eritrea, Somalia eta Libiako eraso italiarrei aurre egin behar izan zien. Errusia inbaditu aurretik, Alemaniak Greziako kanpainak azkartzea pentsatu zuen, Italiak ezin izan baitzuen Jugoslaviaren eta Kretako grekoen erresistentzia menperatu. Aldi berean, Romelen armada Afrikan lehorreratu eta Libia erasotzen hasi zen. Asian, japoniarrek Txina inguratzen hasi ziren. Asiako hego-ekialdea, Insulindia eta Filipinak konkistatu eta AEBetako itsas armada garaitzen ere saiatu ziren.
Alemaniako armadak Mosku inguratu bazuen ere (1941 - ekaina), sobietarren erasoak eta hotza zirela eta, ezin izan zuen hirian sartu. 1941eko abenduaren 7an, japoniarrek Pearl Harbor-en bonbardatu zuten AEB-ko itsas armada, eta ondorioz, Roosevelt-en aginduz ipar-amerikarrek bete-betean sartu ziren gerran. Hitler-en tropek Ukrania hartu zuten eta Stanlingrad-eraino iritsi ziren (1942). AEBek SESB-ri emandako diru-laguntza ezinbestekoa izan zen sobietarren erresistentziarako; Ukrania berreskuratu eta Moskuko setioari amaiera eman zioten. Gero, Europako Ekialdeko estatuak askatu zituzten eta Berlinen sartu ziren (1945eko maiatzaren 2an). Mendebaldeko frontean, aliatuek Afrikako Iparraldean kontraeraso egin zuten eta Montgomery mariskal britainiarrak El Alamein-en Romel geldiarazi zuen (1942ko urriaren 23-30 bitartean). Tunisia askatu eta gero, Aliatuek Sizilia eta Calabrian lehorreratu eta Italia hartu zuten (1943 - IX). Normandiako lehorreratzearen ondoren (1944ko ekainaren 6an hasi zen), Paris askatu zuten (abuztuaren 25ean). 1945eko apirilaren 25ean sobietarrak Berlinen sartu ziren eta Hitlerrek bere buruaz beste egin behar izan zuen. 1945eko maiatzaren 7an hitzartu zen Alemaniaren errendizioa.
Japoniarrak hogeita hamar urte zeramaten ingelesekin eta amerikarrekin borrokan, lehendabizi Txinan, eta ondoren, Indotxinan. Japoniari mehatxu egin zioten petrolioa bahitu egingo ziotela mendean hartutako irlak itzultzen ez bazituen eta lurrak galtzeko prest ez zegoenez Pearl Harbor eraso eta gerran sartu zen. Ozeano Barean, japoniarren menpean zeuden irlak AEBek konkistatu zituzten pixkanaka. Filipinak eta Birmania konkistatu zuten; Hirosima-n, 1945eko abuztuaren 6an, Estatu Batuarrek bonba atomikoa jaurti eta 80.000 hildako eta 140.000 kaltetu eragin zuten; hiru egun beranduago, abenduaren 9an, Nagasakin jaurtiki zuten beste bonba atomikoak 20.000 hildako eta 50.000 zauritu eragin zuten. Ondorioz, Japoniak baldintzarik gabeko kapitulazioa onartu (irailaren 2an) eta gerra amaitu zen. Gerran, 40 milioi hildako izan ziren, naziek hildako juduak barne. Gerraren ondorioz Alemania bitan banatu zen eta mundua ere bitan banatu zen: alde batera merkatu-ekonomiako estatuak, AEBak buru, eta bestera SEB eta ekonomia sozialistako gainerako estatuak.
Loturak: Charles de Gaulle; Eugene Goinetxe; Jaltako konferentzia; Alfret Jodl; Jesus Maria Leizaola; Maginot lerroa; Nuremberg; Reynaud, Paul;
Iturria: Elhuyar/ Lur