<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Baskoniako dukerria

 Lupo I.a Otsoa zen Baskoniako-Akitaniako dukea (670 - 710) eta haren ondorengoa Eudon Handia izan zen (710 - 735). Horren agintaldian iritsi zen Baskoi-akitania independentziara, eta estatua, goren mailara. Baina berehala, hegoaldetik iritsitako arabiarren erasoak hasi ziren, 718an Iruņea hartu zuten. Hurrengo urtean Eudonek, bere armadaz, Txilperiko II.a merovinjioen erregeari lagundu zion Karlos Martelen aurka, eta ondorioz, Txilperiko II.ak Eudon Akitania-Baskoniako erregetzat ezagutu zuen. 721ean musulmanek Akitaniako Tolosa setiatu zuten, baina Eudonek garaitu egin zituen eta Tolosa libratu zuen. 730etik aurrera musulmanek, Al-Andalusko emirra Abd ar-Rahman al-Gafiki buru zutela, Baskonia eta Akitania inbaditu zituzten. Eudonek, ordu arte bere etsai zen Karlos Martelekin bat eginik, musulmanak garaitu zituen Poitiers-eko guduan (731). Eudon Handiaren ondorengo Hunaldo I.ak (735 - 744), Karlos Martelen menpe egoteari uko egin zion. Pepin Laburraren tropek dukerriari eraso egin zioten eta Waifre dukearen agintaldian (744 - 768) frankoek Akitania konkistatu zuten.

Baskonia-Akitania dukerria hautsi egin zen eta Baskoniako dukerriak independente iraun zuen. Bien bitartean, Iruņeko baskoiak musulmanen aurka altxa ziren, 750ean eta; 756an, gaurko Bureba eta Arabako lurretan bizi ziren baskoiak asturiarren aurka altxa ziren. Lupo II.a, Eudonen seme txikiena, izan zen baskonia independentearen lehen dukea (768 - 778). Karlomagnok mehatxatu egin zuen eta Lupo II.ak amore eman behar izan zuen, Hunaldo II.a eta dukerria bere esku utzi zituen. Horrela, Karlomagnok Baskonia bereganatu zuen. 778an, ordea, Karlomagnoren armada Iruņeko harresiak suntsitu ondoren bere lurraldera itzultzen ari zelarik, baskoiek Orreagan eraso egin eta armadaren erretagoardia birrindu egin zuten. Batailan Lupo II.ak zuzendu bide zuen baskoien armada.

Lupo Santzio I.a izan zen baskoien hurrengo buruzagia (778 - 812). Horrek, Baskoniako dukerria Karlomagnok bere seme Ludoviko Piorentzat sortutako Akitaniako erresumaren menpera pasatzea onartu egin behar izan zuen. Bitartean, Hegoaldeko baskoiek borrokan etengabe jardun zuten musulmanen aurka (798an Iruņea musulmanen aurka altxatu zen berriro; 801ean baskoiek musulmanak garaitu zituzten Argantzunen; 803an baskoiak eta banukasitarrek, elkar harturik, Tutera konkistatu zuten; 806an musulmanek baskoi eta banukasitarrak garaitu egin zituzten.

Semen Lupo dukea (812 - 816) Akitaniako Ludoviko Pioren aurka altxatu zen (812), baina horrek Baskonia inbaditu eta baskoiek amore eman behar izan zuten. Ludoviko Pioren armada Iruņeraino iritsi zen eta itzultzean baskoiek, berriro Orreagan, eraso egin zioten. Baina Ludovikok, Karlomagnori 778an gertatua gogoan, neurri bereziak hartu zituen eta erasoak ez zuen emaitzarik izan. Karlomagno hildakoan (814), Baskonia berriro ere altxatu zen Akitaniako erregearen aurka. Frankoen inbasioari aurre egiteko, baskoiek 816an Gartzia Eneko buruzagi hautatu zuten. 818an Gartzia Eneko borrokan hil zen eta Lupo III.a Zentulok hartu zuen haren lekua (819 - 823). Baina Akitaniako errege Pepin I.ak Baskonia osoa menderatu eta dukerria bitan banatzea erabaki zuen: Baskoniako dukerria, Garonatik Atturrira, eta Baskoniako konderria, Atturritik hegoaldera. Konderriko buru Aznar Galindez I.a jarri zuen.

824ean Eneko Aritza, baskoien buruzagia, Pepin I.a erregearen aurka altxatu zen Iruņean. Aznar Galindez I.a eta Eblo kondeek, beren armadaz, Iruņera abiatu ziren. Iruņetik itzultzen ari zirela, Eneko Aritzak eta banukasitarrek Orreagan eraso egin eta txikitu zituzten. Aurrerantzean Frankoek Pirineotatik hegoladera zegoen lurraldea menderatzen saiatzeari uko egin zioten. Horrela jaio zen Iruņeko erresuma. Baskoniako konderriko Aznar Antso kondeak 832an musulmanei Jaka irabazi eta bere konderrira batu zuen. Aznar hildakoan (836), beraren anaia Antso II.a Santzio-k bereganatu zuen konderria, Pepin Akitaniakoa aurka egon arren. 848 - 852 bitartean Antso II.ak Karlos Burusoilaren aurka gerran ihardun zuen. Bitartean Baskoniako dukerria Seguin (? - 844) eta Gilermo (844 - 852) dukeek gobernatu zuten, baina normandiarrek 844ean Seguin hil eta 848an Gilermo preso hartu zuten Bordelen.

852an Antso II.ak eta Karlos Burusoilak bakea sinatu zuten, ordainez, Karlosek Baskoniako dukerria eman zion. 853an Tuterako Muzak II.ak dukerria inbaditu eta dukea preso hartu zuen. 855ean Arnaldo, Antso II.aren arrebaren semea, Baskoniako duke izendatu zuten. Normandiarren erasoei aurre egin behar izan zien. 864an Arnaldo hil ondoren, Atturri eta Garona bitarteko lurrez osatuta zegoen Iparraldeko Baskoniako dukerria, Gaskoniako dukerri bilakatu zen eta Nafarroa bihurtu zen baskoien gune politikoa.

Iturria: Elhuyar