<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Industria Iraultza
Nekazaritza eta merkataritza nagusi zen gizarte egonkor batetik industria nagusia izango den gizarte moderno batera igaro behar izan zuten herritarrek. Industria iraultza hartu izan da kapitalismoaren sorreraren eta nagusitasunaren oinarrizko faktoretzat. Teknika arloan garrantzi handiko zenbait aldaketa gertatu ziren momentu horretan eta "Industria Iraultza" esapidea Engels-ek erabili zuen lehen aldiz, 1845ean argitaratu zuen liburuan: "Langile klasearen egoera Ingalaterran".
Historian, ordea, 1750 eta 1850 urteen bitartean gertatu zen hori Ingalaterran, baina, munduko beste herrialdetara laster zabaldu zen. Asmakizun eta teknologia berriek gizarte eta ekonomia egituretan oso aldaketa handiak eragin zituzten, industria produkzioa eta ekonomiaren espezializazioa areagotu baitziren. Industriaren eskari etengabeari erantzuteko nekazaritzan ari zen langileria industria hiri nagusietara higitu zen eta inmigrazio mugimendu izugarriak sortu ziren horrekin batera.
Industria iraultzaren bilakaeran berebiziko garrantzia izan zuen James Watt-ek asmatutako lurrin makinak (1782). Industriaren garapena ikatza eta burdin produkzioan oinarritu zen, baina garrantzia handia izan zuten ere papergintzak eta oihalgintzak. Asmakari berriak martxan jartzeko lehengai mota asko eta inbertsio handiak behar ziren; horiek lortzeko Ingalaterrak, Europa mendebaldeko beste zenbait herrialdeen antzera, kolonien aberastasunak ustiatzen hasi ziren.
Kapitalak eta inbertsioak garrantzi handia izan zuten ekonomiaren hazkuntzan; azpiegiturak zabaldu ziren, ubideak, errepideak...; halaber, azpiegitura horiek merkatu berriak zabaldu zituzten industriak ekoiztutako produktuentzat; biztanleriaren hazkundea eta bizimodu aldaketa eragin zuen, nahiz eta asko langileriaren bizkar lortu zen. Industria iraultza zenbait arazoren sortzaile ere izan zen: zuzendaritza gestio arazoak. langileen esplotazioa, lanerako baldintza txarrak, ingurugiroaren kutsadura eta abar.
Industria iraultzaren ondorio nabarmenena lantegien hedapena izan zen, eskulanaren kalitatearen kaltetan. Langileen bizi baldintza txar horietan dute oinarria gizarte mugimendu askok. Industria iraultzaren lehendabiziko urteetan hasi zen kapitalisten eta langileen arteko borroka eta liskar horien ondorioz komunismoaren sorrera aipa daiteke, produkzio bitartekoak langileen esku jarri beharra predikatzen zuena. Industrializazioa Euskal Herrian beranduago hasi zen.
Iturria: Lur