<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Grekoak

Kristo aurreko XX. mendearen hasieran, indoeuroparrak (dorioak eta akeoak) Greziara iritsi ziren eta Akeoak Argolidan finkatu ziren. K.a. 1600ean zibilizazio mizenastarra garatzen hasi zen. K.a. 1200ean dorioen inbasioek Erdi Aro grekoari hasiera eman zioten. Hiri greziarrak estatu txikiak ziren, hiriak berak eta inguruko landek osatuak. Estatu bakoitzak erregimen politiko propio zuen (monarkia, oligarkia, demokrazia...) K.a. XII - VII. mendeen artean dorioen erasoak gertatu ziren; ondorioz, akeoek Peloponesora alde egin zuten; joniarrek Atila, Eubea eta Klikadetara; eoliarrek, berriz, Tesalia eta Beoziara. Homerok eta Hedosiok bere poemetan, beste hainbat alegien artean, horren berri eman zuen. Greziarrek hiria babesten zituzten jainkoak gurtzen zituzten santutegi panheleniko handietan: Delfos, Olinpia...

Joko Olinpikoak K.a. 776an sortu ziren. Ka. VIII. mendearen amaieran, berriz, Espartak Mesania konkistatu zuen eta K.a. VIII - VI. mendeen artean, grekoen kolonizazioa Mediterraneoko mendebalde, Egeoko iparralde eta itsaso beltzeraino iritsi zen. Baina K.a. 540az geroztik Pertsiak indarra hartu eta Asia txikiko hiri greko gehienak konkistatu zituen; hala ere, Pertsiak Greziako konkistari hasiera eman behar zionean Atenasek eta Espartak aurre egin zioten. Pertsiarrek Mediar gerretan porrot egin zuten: Maraton K.a. 490ean, Salamina, K.a. 480an eta Plateako batailan K.a. 479an.

Pertsiarrak Egeotik bidaltzeko Delos-ko liga sortu zuten K.a. 476an. Delosko liga Atenas buru zuen hirien konfederazioa zen. K.a. 449 - 448 bitartean Kalliasen bakearen bidez pertsiarren aurkako gatazkei amaiera eman zitzaien. Atenasek eskualdeko nagusitasuna lortu zuen eta Periklesen mendea hasi zen; garai horretan kultura grekoak goren maila lortu zuen, artista onenak ekarrarazi zituzten Akropoliko tenpluak birgaitzeko eta Atenasen demokrazia sortzeaz gain, filosofia eta antzerkiaren garapena bultzatu zen. K.a. 431 - 404 inguruan, ordea, Esparta eta Atenasen arteko liskarrek Peloponesoko gerra piztarazi zuten eta Atenasek porrot egin zuen. K.a 404 - 371 bitartean Espartak gobernu oligarkikoa ezarri zuen.

K.a. 371an, Tebas eta Atenasen erasoei aurre egin behar izan zien Espartak, Pertsiaren laguntzarekin. Tebasek Leuktrako bataila erabakigarria irabazi zuen eta, K.a. 371 - 362 bitartean, Tebasek bere nagusitasuna ezarri zuen Grezia kontinentalean. Gerra sorta horrek, alabaina, bi hiriak ahuldu egin zituen. Eta hortaz baliatuz K.a. 359 - 336 urte bitartean Filipo II.a Mazedoniarrak Keronean garaile izan (338) eta Grezia hartu zuen. Filiporen seme Alexandro Handia jaun eta jabe izan zen Grezian, K.a. 336 - 323 bitartean. Alexandro Handiak Pertsia konkistatu eta inperio erraldoia sortu zuen: Egiptotik Indus-eraino. Egipton Alexandria fundatu zuen eta kultura greziarra hedatuz batera, ohitura pertsiarrarekin batzen saiatu zen. Alexandro Handia hil zenean, haren jeneralek inperioa beren artean banatu zuten.

Alexandroren inperioa banatu ondoren (K.a. 323 - 216), Mazedoniako errege antigonidarren eskuetara igaro zen Grezia. Etengabeko gerra eta gatazka sozialen eraginez Grezia gainbehera hasi zen. Bigarren gerra punikoan (K.a. 216 - 146), grekoen mendebaldeko kolonia Erromaren menpe gelditu ziren, erromatarrek Leukopetrako bataila irabazi baitzuten (K.a. 146). Erromatarrek Korinto suntsitu egin zuten eta Grezia probintzia erromatar bilakatu zen. Asia txikia erromatarren menpe zegoen eta Mitridates askatzen saiatu zen (K.a. 88 - 84), baina porrot egin zuen. Hala eta guztiz ere, K.a. I. mende eta Kristo ondorengo IV. mende bitartean kultura grekoak eragin handia izan zuen Erroman. Konstantinopla fundatu zuten (330) eta Grezia ekialdeko kultur gune bihurtu zen Alexandro Handiaren konkisten ondoren. Teodosio I.a Handia hil zenean (395), erromatar inperioa bitan banatu egin zen. Grezia, Ekialdeko inperioan barneratu zuten.

Iturria: Elhuyar/ Gaiak