Hondarribia
Jaizkibelgo magalean, Gaintxurizketa-Guadalupe parean, bi trikuharri aurkitu zituen Joxe Miel Barandiaranek 1934 eta 1935ean, baina, egungo errepidea egiteko suntsitu egin zituzten. Hala ere ziurta daiteke egun Hondarribia den honetan duela 5.000 urte jendea bizi zela. Erromatarrek egindako harbide batek Oiarso (Oiasso) izeneko hiri baskoian zuen amaiera. Oiarsoko gune nagusia gaur egun Irun hiria kokatzen den lekuan egon arren erromatarren aztarnak aurkitu dira Higer lurmuturretik hurbil (Asturiaga). Elezaharretan aipatzen da Wanba errege godoak (672 - 680) inguru honetako lehen gotorlekua eraiki zuela.
Erdi Aroan Nafarroako erregeen lurraldean zegoen Hondarribia; zabaldua denez Antso II.a Abarka ehizean zebilela Jaizkibel mendiko basoetan neska gazte batekin topo egin eta "guztiz ederra" izena jarri ondoren haurdun utzi zuen. Bere erregealdian (970 - 994), eraikitzen hasi zen gaztelu mardul bat Hondarribiko muino batean, Txingudi badia ikusgai den leku estrategikoan. Gaur egun gaztelu hori zutik dirau, Karlos V. paradorea izenarekin. Donostiari emandako Hiri Gutunari esker, hiri horren manupeko eremu bihurtu zen Antso VI.a Ramirez Jakituna Nafarroako erregearen eskutik, XI. mende erdialdean (1153 - 1157 edo 1169 - 1194). Zabaltze eta gotortze lanak, berriz, Antso Azkarrak egin zituen (1194 -1234).
Gaztelako Alfontso VIII.ak Gipuzkoa hartu zuenean (1200) beste Hiri-Gutuna eman zion Hondarribiari (1203) eta bertan egituratu zen gotorleku militarra. Horren menpe geratu ziren Irun, Lezo eta Pasai Donibaneko lurrak ere. Nafarroako erregeek ez zuen begi onez ikusi Hondarribia galtze hura eta historian zehar hainbatetan saiatu ziren hiria berreskuratzen. 1256ko urtarrilaren 1ean, Gaztelako Alfontso X. Jakituna eta Nafarroako Teobaldo II.a erregeek Gasteizen bildu ziren, bilera horren ondorioz Gaztelakoak Nafarroako erregeari Donostia eta Hondarribia itzuli zizkion "betiko". Historian zehar Hondarribiak setio askori aurre egin behar izan dio: 1521ean Nafarroako erresuma berreskuratzeko saioan, Noaingo batailaren ondoren, Enrike II.a Albreten tropek Amaiur hartu eta Hondarribia setiatu zuten. Plaza hartu ondoren, 1524ko martxoaren 25ean sartu ziren berriro gaztelarrak gotorlekuan.
1611ean, Espainiako Inkisizioak esku hartu zuen Hondarribian. Maria Etxegarai, Maria Garro, Inesa Gaxen eta Maria Ilarra sorginkeriaz akusatuta Logroņora eraman zituzten. Haur batzuen akusazioa entzunda, Salazar inkisidoreak 41 pertsona itaundu zituen. Logroņon, batek bakarrik onartu zuen akelarreak egiten zuten lekua ezagutzen zuela; denak, Inesa Gaxen izan ezik, onartu zuten sorginak zirela, tortura eta presio beldurgarriak jasan ondoren.
1638an luzaroan eduki zuten inguraturik Condé printze frantsesaren osteek, baina hondarribiarrek tinko eutsi zioten, bonbardaketa latz guztiak gorabehera. 1719 - 1721. urteetan Berwick-eko dukearen osteak egon ziren bertan. XVIII. mende bukaeran utzi zuten militar espainiarrek Hondarribiko gaztelua. Handik aurrera besteen antzeko itsas herri bihurtu zen. Hondarribiaren eta Irun, Lezo eta Pasai Donibaneren arteko harremanak zailak gertatu ohi dira askotan, bere nortasuna gorde baitzuten beti hiru herri horiek. Horrela, Pasai Donibane, 1771n; Irun 1776an eta Lezo, 1812an erabat berezi ziren Hondarribitik. 1805 - 1814. urteetan, Nafarroako hiriak izan ziren Irun eta Hondarribia (Lezo barne zela).
Karlistadaren garaian ez zen borrokarik izan Hondarribia eskuratzeko; ordurako, militarrentzat garrantzi berezirik ez zuen eta. XIX. mendean hasi zen Hondarribiako arrantzale jarduera sendotzen eta harresietatik kanpo arrantzaleen auzoa egituratzen hasi zen. XX. mendean hasi zen lehenengo udatiar eta turistak hurbiltzen. Espainiako Gerra Zibilean berehala sartu ziren karlistak eta faxistak herrian: 1936ko irailaren 6an. Hilabete bereko 21ean eskatu zuten Irungo eta Hondarribiko udalerrietako zinegotziek Nafarroan sartzea, baina, Gipuzkoako agintari frankisten ezezkoak eragotzi zuen proiektua gauzatzea. 1955ean Gipuzkoako aireportua eraiki zen Hondarribian.
Frankoren diktadura ondoren, 1976an, Alardearen festaren amaieran amnistiaren aldeko manifestazio handi bat antolatu zen Hondarribian. Espainiako Polizia Armada eta Guardi Zibilak tiroka eraso zuten Marina kalean bildutako jendea. Jesus Mari Zabala, 22 urteko gazte irundarra, tirokatu eta hil egin zuten. Hurrengo egunean Hondarribiko alkatesak dimititu egin zuen eta irailaren 10ean Greba Orokorra deitu zen Euskal Herrian. 1976ko irailaren 11n, hileta-elizkizunaren ondoren manifestazio handi bat egin zen, Iridoi alkate andrea buru zuela.
Iturria: Lur/ Auņamendi