<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Condéko etxea
Condé-ko etxearen lehen adarra. Borboiko etxearen albo-adarra.
Louis I.a (Vendôme, 1530 - Jarnac, 1569), adarraren fundatzailea. Enrike IV.aren osaba; kalbindarren buru izan zen erlijio-gerren lehen garaian.
Henri I.a (La-Ferté-sous-Jouarre, 1552 - Saint-Jean-d'Angély, 1588), aurrekoaren semea. Aita hil zenean, Nafarroako Enrike III.arekin alderdi protestanteko buru izan zen.
Luis II.a Borboikoa (izg. Condé Handia) (Paris, 1621 - Fontainebleau, 1686), Condé-ko IV. printzea, aurrekoaren biloba. Aita bizi zen artean Enghiengo duke izan zen. Espainiaren aurka Rocroi (1643), Friburgo (1644), Nordlingen (1645) eta Lens-en (1648) lortutako garaipenak zirela eta, ospea eskuratu zuen. Frondeko matxinadan parte hartu zuen eta Espainiarekin aliatu zen. Baina Pirinioetako itunaren ondoren (1659), berriro Frantziaren zerbitzuan jarri zen; Itzulketa-gerran (1668) eta Herbehereetako Probintzia Batuen inbasioan (1672) nabarmendu zen.
Louis Joseph (Paris, 1736-1818). Condé-ko VIII. printzea, militarra, Iraultza Frantsesean atzerriratutako lehen nobleetakoa(1789). "Condéren armada" eratu zuen atzerrian iraultzaren aurka borrokatzeko (1792-96), baina arrakastarik gabe.
Luis Antonio Enrike Borbo. Enghiengo dukea (Chantilly, 1772 - Vincennes, 1804). Condé-ko etxeko azken kidea izan zen. Napoleonen kontra konspiratzea leporatu zioten; atxilotu eta heriotza-zigorra ezarri zion enperadoreak.
Condé-ko etxearen bigarren adarra.
Conti edo Contyko etxea
Armando Borboikoa: Contiko printzea (Paris, 1629 - Pézenas, 1666). Fronde izeneko matxinadan borrokatu zen anaia nagusiarekin batera. Katalunia (1654) eta Italiako (1657) armadako buru izan zen.
Iturria: Harluxet