Teobaldo II.a
Teobaldo II.a Provins-en, Frantzian, jaio zen 1239an eta Sizilian hil 1270ean. Nafarroako XVIII. erregea (1253 -1270), Brie eta Chanpagneko kondea, Teobaldo I.a Trobalariaren eta Margarita Borboi-Dampierrekoaren semea.
Erregetu bitartean, ama erreginaren eta noble nafarrek osatutako erregeordetza-kontseilu baten menpe egon zen. Lurretik goratua izan aurretik Nobleek Foruak sinarazi zioten, 1253ko azaroaren 27an. Luis IX.aren alaba Isabelekin ezkondu zen; Frantziako erregearen eraginpean erregetu zen Nafarroan. Chanpagnen bizi izan zen eta bost aldiz baino ez zen joan Nafarroara, eta orduan, gobernuaren berri jakitera. Frantziako koroarekiko loturari esker, kanpo harremanak indartu egin ziren. Iberiar penintsulako beste monarkiekin harreman onak izan zituen, Gaztela, Aragoi eta Ingalaterrarekin batez ere.
Bere aita Teobaldo I.ak hasitako administrazio-berrantolaketari segida eman zion eta Nafarroako hirietako burgesek begi onez ikusi zuten egitura berria. 1255ean hitzarmen bat sinatu zuen Iruņeko artzapezpikuarekin hiriaren gobernuari buruz, baina, aita santuak ez zuen onartu hiriaren gobernua erregearen esku uztea. Zortzigarren Gurutzadatik itzultzean izurriak jota hil zen Sizilian (1270), baina, Provins-en lurperatu zuten. Ez zuen ondorengorik utzi eta bere anaia Enrike I.a Potoloak hartu zuen erregetza.
Loturak: Ximenez Gazolatzekoa, Pedro;
Iturria: Elhuyar/ Lur