<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Inkisizioa

Heretikoak aurkitu eta zigortzeko Eliza Katolikoak sortutako eliz-auzitegi iraunkorrari esaten zaio inkisizioa. Inozentzio III.ak sortu zuen 1215ean, heresia zapaldu eta heretikoak zigortzea helburua zuen prozedura kanonikoa. Erakundea, ordea, Gregorio IX.ak sortu zuen 1231an, kataro edo albitarren aurka borrokatzeko. Domingotarrek hartu zuten auzitegiaren ardura. 1252an, Inozentzio IV.ak Inkisizioak prozesu eta tortura erabiltzea onartu zuen. Oso auzitegi ankerra izan zen. Erruduntzat jotakoak gogor zigortzen zituzten, zigorrik handiena sutan erreta hiltzea zen. Inkisizioa Siziliara, Napolira, Milanera, Herbereetara eta, geroago, Ameriketako kolonietara ere zabaldu zen. Heretikoa edonon aurkitu, epaitu eta zigortzeko sistema oso bat zen Inkisizioa. Kataro eta albitarren aurka eraginkorra izan zen, baina, protestantismoaren aurka, Espainia eta Italian izan ezik, ezin izan zuen ezer egin Europan.

Aragoi-Gaztelako Fernando II.a eta Isabel I.a errege-erreginen erresuma bikoitzaren batasuna fundamentalismo katolikoan oinarritu nahi izan zuten, eta horretarako, juduak eta musulmanak kristautzea eragin zuten batetik, eta heretikoak zigortzeko1478 - 1483an Inkisizioa izeneko auzitegi-berezia sortu zuten bestetik. Inkisizioak Sixto IV.ari esker izaera erlijioso-politikoa hartu zuen. Tomas de Torquemada izan zen lehen inkisidore nagusia eta Cisneros Cardinala buruetako bat. Inkisizioa aita santuaren menpe zegoen Europan, baina Fernando II.ak Gaztela eta Aragoiko erregeen menpeko lurretan, Inkisizioa bere esku jartzea lortu zuen. Juduak egotzi eta egotzarazi zituzten. Gaztela eta Aragoitik 1492an, Portugaldik 1496an, Gasteiztik 1492an eta Nafarroatik 1498an egotzitako juduek Baionan finkatu. Nafarroa Garaiari eraso egin eta konkistatu zutenean (1512) inkisizioaren aro modernoa hasi zen.

Euskal Herria lehenengo Kalagorriko tribunalaren menpe zegoen, eta gero, Logroņokoaren pean. Inkisizio modernoa tresna eraginkorra izan zen egoera politikoa kontrolpean edukitzeko, baita ere, sortu nahi zen estatu-motaren berdinkeri ideologikoaren disidentzia zigortzeko. Inkisizioaren helburua heretikoak zigortzea zen, baina "heretiko" hitzaren azpian gauza asko sar zitezkeen eta, Gaztela-Aragoiko eta Frantziako monarkiak muga Piriniotan jarri nahian ari ziren. Monarkia haren kontra zegoen guztia susmopean jarri zuten: mugak itxi zituzten, odol garbitasuna aldarrikatu zuten, hizkuntza bakarra, eliza bakarra eta jainko bakarra ezarri, eta hortik kanpoko zegoena desagerrarazi.

Espainiako Felipe II.aren garaian, 1575ean, Hego Euskal Herrian egin zen sorgin jazarpena ikaragarria izan zen. Iparraldean, berriz, Enrike IV.ak bidali zuen Lapurdira De Lancre magistratu frantziarra,1609an. Sorginen aurka egin ziren prozesu basatienak Zeberion (Bizkaia), Zugarramurdin (Nafarroa Garaia) eta Lapurdin (Iparraldea) egin ziren. XVII. mendearen hasieran Inkisizioak beste egiteko ugari bete zuen, ia beti kristau-ortodoxiaren defentsan edo aitzakian: muga eta portuetako jende- eta liburu-trafikoaren kontrola adibidez. 1834. urtean desagertu zen behin betiko Inkisizioa eta Pio X.ak 1908an "Ofizio Santua" izeneko kongregazioa sortu zuen haren ordez. Joan Paulo II.ak barkamena eskatu zuen 2004ko ekainaren 15ean, Roger Etxegarai kardinal lapurtarrari bidalitako gutun baten bidez: Inkisizioak egindako gehiegikeriak fedearen eta jainkoaren aurkakoak izan zirela esanez.

Loturak: >Albarez de Eulate, Jon; >Artzamendi, Joan Bautista; >Filips Montmorency-koa; >Joan Huarte Garazikoa; Gaspar Meltxor JovellanosBartolome Karrantza; Rodrigo Santxez Merkado;

Iturria: Elhuyar/ Auņamendi Entziklopedia