Alemaniako Errepublika Federala
Alemaniaren historia germaniar herrien bilakaerari lotua izan da. K.a. V. mendean germaniarrek hartu zuten Alemania osatzen duen lurraldea, eta V-IX. mendeen artean, Erromako Mendebaleko inperioaren gainbeheraren ondoren, hainbat erreinu sortu zituzten.
Frankoen erresuma germaniarrak inperio karolingiarra osatu zuen (K.o. 800. urtea), eta germaniarren lurraldeak kristautu egin ziren. Germaniako erresuma 842-843 bitartean karolingiarren inperioa zatitu ondoren sortu zen. 962an Oton I.a Handia Germaniako eta Italiako errege saxoiak bere mendeko lurrak batu, eta Erroma eta Germanietako Inperio Santua sortu zuen. Monarkiak, ordea, ezin izan zuen batasun eta oreka sendorik lortu: batetik, jauntxoek gero eta aginpide gehiago zuten, eta, bestetik, saxoien garaian enperadoreak aita santuen gaineko nagusitasuna lortu zuen, baina elizak ez zuen halakorik onartu (Inbestiduren auzia, 1075); saxoien ondorengo dinastia frankoniar edo saliarraren (1024-1137) eta Hohenstaufen etxearen (1137-1254) agintaldietan, elizarekiko gorabeherak areagotu ziren, eta enperadoreak elizaren gaineko nagusitasuna galdu zuen. Federiko II.a, Hohenstaufen dinastiako enperadorea, hil ondoren anarkia eta nahasmendua nagusitu ziren inperioan, eta printzerri feudaletan bereizi zen azkenik lurraldea.
1273an Rodolfo I.a Habsburgok eskuratu zuen aginpidea (1273-1291). Haren ondoren Wittelsbach eta Luxenburgoko dinastiak izan ziren agintari. Luxenburgoko etxearen garaian (1308-1437) Urrezko Bulda (1356) eman zen; lege horren arabera enperadorea printze hautesleek hautatu behar zuten, eta aita santuak horretarako agintea galtzen zuen. 1440-1806 bitartean Habsburgotarren esku egon zen aginpidea. Maximiliano I.aren (1493-1519) eta Karlos V.aren (1519-1556) agintaldiak garai oparoak izan ziren Alemaniarentzat, baina, Luteroren Erreforma protestantea zela eta, galdu zen inperioaren oparotasuna. Nekazariak enperadorearen kontra altxatu ziren askatasun gehiago lortzeko eta printzeek ere aurre egin zioten inperioari, beren printzerrietako erlijioa erabakitzeko burujabetasuna lortzearren (Schmalkalden Liga). Hala, iparraldeko estatu protestanteen eta hegoaldeko estatu katolikoen arteko gerra sortu zen (Hogeita Hamar Urteko gerra), eta haren ondorioz 350 estatutan banatu zen Alemania (Westfaliako Itunak,1648). 1701. urtean Brandeburgoko printze hauteslea Prusiako errege bihurtu eta Prusia Alemaniako estatu nagusi bihurtu zen.
Napoleonen kontrako gerren ondoren Napoleonek bere babesean hartu zuen Inperio Santua; Frantzisko II.a Austriako enperadore bihurtu zen, baina Frantziaren interesen mende geratu zen 1806an. Vienako Kongresuan (1815) inperioa desegin eta Germaniar Konfederazioa eratu zen, 39 estatuz osatua. Austria zen buru eta Prusia ordeko. Prusiak batasuna lortu nahi zuen eta Austriak, berriz, ez, baina Prusiak Alemaniaren garapen ekonomikoa bultzatu eta Austria baztertzea lortu zuen. Hala, Sadowako guduan Austria garaitu (1866) eta Frantziaren kontrako gerra irabazi ondoren, Alemaniako inperio batua sortu zen (1871) Bismarckek bultzaturik eta Gilermo I.a enperadore zela.
Gilermo II.aren erreinaldian Alemaniaren ahalmena asko zabaldu zen (gudaroste indar handikoa osatu, koloniak eskuratu etab.), baina Lehen Mundu Gerran lurralde eta kolonia asko galdu zituen. 1918an Gilermo II.ak erregetza utzi eta errepublika aldarrikatu zuen. Biltzar konstituziogileak Ebert hautatu zuen errepublikako lehendakari, eta konstituzio berria ezarri zen 1919an. Erregimen berriak, ordea, ezin izan zien aurre egin gerrak ekarritako arazo larriei (alemaniarrek ordaindu behar zituen isunen ondorioz sortutako inflazioa, langileen matxinadak, eskuin muturreko higikunde nazionalisten hazkundea, etab.). 1923tik aurrera, Dawes planari esker kalteak ordaintzeko lortutako laguntzekin egoerak onera egin zuen, baina ezin izan zuten 1929ko ekonomia krisia gainditu. Langabezia eta miseria giroa nagusi zela, eskuin muturreko alderdi nazionalsozialistak gora egin zuen.
1933an, hauteskundeak irabazi zituelarik, aginpidea hartu zuen Hitler-ek eta III. Reichari hasiera eman zion. Nazien diktadurak alderdi politikoak eta sindikatuak debekatu eta juduei esetsi zien, horretarako era guztietako sarraskiak eginik. Hitler-ek Alemania gerrarako prestatu zuen lehenik (langabezia ezabatzeko herri lan handiak, auzo herrien aurkako ekintza militarrak, armada sendoaren antolamendua), eta ondoren gerra sorrarazi zuen anexio politika gogorra eraman zuen aurrera: Rhenania berreskuratu, Austria (“Anschluss”) eta Sudeten lurraldeak anexionatu eta Poloniari eraso (1939). Poloniari erasotzean, Bigarren Mundu Gerra hasi zen.
Lehenengo guduetan ezin garaituzkoak ziruditen alemaniar osteek, baina 1945ean Alemaniak errenditu behar izan zuen. AEB, Frantzia, Britainia Handia eta Sobiet Batasunak Alemaniako lurraldeak okupatu zituzten, baina mendebaleko herrialdeen eta sobietarren gorabeheren ondorioz Mendebaleko potentziek estatu federala eratu zuten beren mendeko lurretan. Urtebete geroago, Mendebalean Lege Nagusia onartu zen eta Ekialdean Konstituzioa, eta Alemaniako Errepublika Demokratikoa eta Alemaniako Errepublika Federala sortu ziren.
Alemaniako Errepublika Federala. 1949an sortutako errepublika federala; Bonn izan zuen hiriburu.
1949an egindako lehen hauteskundeetan CDU alderdi demokrata-kristaua atera zen garaitzaile, eta gobernua haren esku egon zen 1966 arte. Estatu kapitalisten sistema politiko-ekonomikoari lotu zitzaion: besteak beste, merkatu libreko ekonomia eta alderdi anitzeko sistema politikoa onartu zituen. 1955ean NATO organizazioan sartu zen eta EE-ko kidea da 1957tik. 1966tik aurrera demokrata-kristauek koalizio gobernua osatu zuten, Kiesinger (1966-1969) eta Kohl (1982tik aurrera) buru zirela, sozial-demokratekin; 1969an Brandt sozial-demokratak liberalekin osatu zuen koalizioa eta Schmidt izan zuen ondorengo 1974-1982 urteetan. 1949an bereizi zirenetik harreman zailak izan zituen Errepublika Demokratikoarekin, baina 1972an burujabetasuna onartu zioten elkarri.
Alemaniako Errepublika Demokratikoa. 1949an sortutako herri demokrazia, 1990ean desegin zena. Berlin ekialdekoa izan zuen hiriburu. Sobiet Batasunaren gidaritza politiko eta ekonomikoari lotu zitzaion, eta ekonomia sozializatu (nekazaritzaren erreforma, industrien nazionalizazioa eta bost urteko planak) eta alderdi bakarreko sistema politikoa ezarri zuen (alderdi sozialistak SED alderdian bildu ziren). 1955ean sobietarren mendetik aske gelditu zen, baina ekialdeko herrialdeekin harreman estuak izanik (Varsoviako ituna; SEBSekiko adiskidetasun ituna). 1961ean Errepublika Demokratikoko biztanleen mendebalerako emigrazioa galaraztearren, Berlingo hesia eraiki eta Errepublika Federalarekiko muga itxi zuen Errepublika Demokratikoak. 1971n E. Honecker SED alderdiko buru eta Stoph gobernu buru izendatu zituzten, baina, 1989an, erregimen sozialistaren kontrako jarrera zela eta, dimisioa eman zuten. 1989an bi Alemanien arteko hesia eraitsi eta mugak ezereztu ziren. 1990eko hauteskundeetan Errepublika Federaleko sistemako alderdi politikoak nagusitu ziren, eta, hala, bi Alemanien batasunerako pausoak bizkortu ziren.
Alemaniaren batasuna. 1990eko hauteskundeetan Demokrazia Kristaua (CDU) atera zen irabazle. Errepublika Demokratikoa Mendebaleko estatu eta erakunde kapitalisten aldera lerratu, eta Errepublika Federalaren izate eta ezaugarriak beretu zituen. Gaur egun gobernua CDU (Batasun Kristau Demokratikoa), CSU (Batasun kristau soziala, Bavariakoa) eta FDP (Alderdi liberala) alderdien esku dago, Kohl buru dela. Alemaniaren barne batasuna lortzeko zailtasun handiak dituzte: beste zenbait arazoren artean, ekialdeko alemaniarrek egoera ekonomiko larria bizi dute; 1992-1993an etorkinen kontra egindako atentatuak zirela eta, konstituzioa aldatu eta atzerritarrak alemaniar hiritartzeko eskubidea murriztu behar izan zuten (1993).
Iturria: Lur