Bismarck-Schönhausen (Otto Eduard Leopold von) printzea
Otto von Bismarck Schonhausen-en, Branderburgo, jaio zen 1815ean eta Friedrichsruh-en hil 1898an. Politikari prusiarra "junker" edo Luteroren jarraitzaile familia aberats bateko semea.
Berlinen egin zituen zuzenbide ikasketak eta Prusiako administrazioan hasi zen lanean. 1847an "Landtag" edo Parlamentuko diputatu hautatu zuten, eskuin muturreko ordezkari. 1862an, Prusiako Gilermo I.a enperadoreak Kontseiluko lehendakari izendatu eta benetako diktadura ezarri zuen. Horrela lortu zuen Prusiak munduko armadarik indartsuena izatea. Prusiaren probetxurako Alemaniaren batasuna lortu zuen (1864 - 1871).
1866an, Sadowa-n Austria garaitu ondoren, Ipar Alemaniako Konfederazioa sortu zuen; Prusiaren pean eta Pragako Itunari esker, Habsburgotarrik gabe. Hala eta guztiz ere Alemania osoaren batasuna lortzeko hegoaldeko estatuak bereganatu behar zituen. Alemania hegoaldeko estatuak Prusiarrekin lerrotu ziren Frantziaren aurka eta Franko-Prusiar gerra irabaztearen ondorioz (Sedan, 1870 - 71), Alsazia-Lorena anexionatu zuen (1871).
1871ko urtarrilaren 18an Alemaniako Inperioa sortu zen. Bismarck-ek erabateko boterea lortu zuen, enperadorearen aurrean baino ez zen makurtzen eta haren baimenarekin politika larderiatsua burutu zuen, bai katolikoen bai sozialdemokraten aurka. 1880tik aurrera, nazional-liberalak eta zentristak bildu zituen gobernuan sozialisten gorakadari aurre egiteko. Nekazarien eta metalurgiako langileen aldeko babes neurriak hartu zituen eta, enperadorearen aurkako matxinada saioak aitzaki hartuta, erabat debekatu zuen sozialisten propaganda. Bien bitartean, ordea, Europan aitzindari izango zen lehen araudi soziala bultzatu zuen: eritasunerako, istripuetarako eta zahartzarorako aseguru sistema derrigortu zuen (1883 - 1889).
Bismarck-en lehen porrotaldia indarrez bereganatutako herrietatik etorri zen, Schleswigeko daniar, poloniar eta Alsazia-Lorenako herritarrak germaniartze eta zapaltze politika ez baitzuen onartu. Alsazia-Lorenako auziak zaildu egin zuen Frantzia eta Alemaniako harremana eta Bismarck-ek Frantzia baztertzeko hiru enperadoreen aliantza berpiztu zuen (Alemania, Austria, Errusia) 1872an. Aurrerago, ordea, Italia eta Austriarekin Aliantza Hirukoitza eratu zuen (1882).
Europako diplomaziaren erdian aritu zen hogei urtez. Berlingo konferentzian (1884 - 85) Alemania kolonizazio ekintzetan sar zedin onartu zuten. Hori zela-eta Gilermo II.ak (Wilhelm II.a) erregetza hartu zuenean ezadostasun handiak izan zituen Bismarck-ek eta bere gogoz kontra izan bazen ere, kargua utzi behar izan zuen 1890eko martxoaren 20an. Pomeraniara erretiratu eta bere oroitzapenak idatzi zituen.
Loturak: Kulturkampf;
Iturria: Elhuyar/ Lur