<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

judaismoa

Herri juduaren erlijio monoteista historikoa. Jahvek, (Jehoba) Jainko egiazko bakarrak, Israelgo herria bereziki aukeratua eta horrekin betirako ituna egina duela sinesten du judaismoak. Bedeinkapen berezia jaso du Herriak Jainkoagandik, eta honen nahia eta aginduak betetzea dagokio hari; itunak eraturiko harreman berezia, ordea, ez da, juduen ustez, Israelen pribilegioa, eta herri guztientzat da esanahitsua. Jainkoak Abrahanekin egindako itunean dago judaismoaren jatorria; haren seme Isaaken eta honen seme Jakoben bitartez lotzen da Israelgo herria arbaso nagusiarekin, eta beren patriarka nagusitzat aitortzen eta ohoratzen dituzte juduek hirurak.

Judaismoaren benetako fundatzailea, ordea, Moises da, berak gidatu baitzuen Israelgo herria basamortuan zehar, Egiptoko morrontzatik atera ondoren, Kanaango lurraldera, horrela Abrahani egindako jainkozko promesa betez. Moisesen bitartez jaso zituen Israelgo herriak Jainkoaren funtsezko errebelazioa eta agindu nagusiak, eta horrengan jarri ohi dute judaismoaren tradizio sozial, etiko eta erritozkoen jatorria eta erakuntza funtsean. Tora-n dago jasota errebelazio hori; Bibliako lehen bost liburuek (Pentateukoak) osatzen dute hori. Tora edo "Legea" da, hain zuzen, judaismoaren liburu sakratuen lehen partea; bigarrena "Profetak" izeneko liburu-sailak osatzen du. Talmud-a, berriz, Tora-ren interpretazio ofiziala eta iruzkinak dira, errabinoek (edo idazteunen interpretatzaileek) egindakoak.

Jahve Jainko bakartzat eta munduaren kreatzailetzat aitortzen du judaismoak; munduaren historian eta giza bizitzan gertukoa da Jainkoa, horietan parte hartuz; gainera Mesiasengan sinesten du, munduan Jainkoaren erresuma eraikitzera etortzekoa dena. Judaismoak sarbide-erritoa du gizonezkoentzat: erdainkuntza. Garai batean Jerusalemgo tenplua izan zuen erlijiozko kulturaren gune nagusia, non animalien opariak egiten baitzituzten apaizek; Zisma piztu zen eta banaketa horretatik sortu zen kristautasuna. K.o. 70. urtean erromatarrek tenplua suntsitzearekin batera, apaizgoa ere desagertu egin zen. Sinagogetan biltzen dira fededun juduak larunbatetan, liburu santuak irakurtzeko eta otoitzak egiteko; horien eta ekintza onen bidez itxaron dute salbamena.

Hainbat jai erlijiozko ospatzen dituzte urtean barrena; garrantzizkoena Yom Kippur edo espiazio-eguna. Israelgo herriak historian zehar bizi eta jasan dituen gorabehera eta garai desberdinei loturik dago judaismoaren bilakaera. Hainbat garai ere bereizten dira: 1. Patriarkala (Abrahanen itunean oinarritutakoa); 2. Moisestarra (herri hautatuaren egitura eta bizimoldea eratu zenekoa); 3. Profetikoa (profetek fede monoteista defendatu zutenekoa); 4. Berreraikuntzakoa (Babiloniako erbestaldiaren ondoren Tora idatziz finkatu eta Jerusalemgo tenplua eta bertako kultura berreraiki zutenekoa); 5. Talmudikoa (Jerusalem suntsitu ondorengo diasporako judaismoa, non Talmud izeneko gorputz idatzia lantzen baita); 6. Mistikoa (Erdi Aroa eta Aro Modernoan hedatu eta Liburu Santuen interpretazio kabalistikoak nagusitu zirenekoa); 7. Erreformakoa (XIX. mendean hasi eta Iraultza Frantsesaren eraginez judaismoak gizarte modernora egokitzera jo zuenekoa).

Gaur egun, berriz, bi joeratan dago banaturik judaismoa: kontserbatzailea (erreformatik eratorria) eta ortodoxoa (modernizazioaren kontrako erreakzioz sortua eta tradizio eta praktika zaharrak gorde nahi dituena). Bi joerak daude elkarren aurrez aurre sarritan, Israelen nahiz Europan eta Ameriketan. Bitartean, ordea, sekularpen-korronte handia zabaldu da juduen artean, erlijiozko tradiziotik apartatu dena.

Iturria: Harluxet