<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

kristautasuna

Kristautasunak Judaismoaren zisma batean du sorburua. Jesus bera eta horren lehen jarraitzaile hurbilenak, apostoluak bereziki, juduak ziren; baina judaismo ofizialak zapuztu egin zituenez Jesusen mezua, erlijio mugimendu berria eta horren barruan sorturiko elkartea (Eliza), guztiz apartatu zen horiek judaismoaren erakundeetatik; hala eta guztiz ere, judaismoarekin bat egiten du zenbait arlotan, biek Bibliaren lehen partea -"Tora" juduentzat, "Itun Zaharra" kristauentzat- Jainkoaren errebelaziotzat eta fede-oinarritzat hartzen baitute.

Lehenengo kristauak ere erlijio horretara igarotako juduak izan ziren. Horiek Jesukristo Jainkoaren seme eta mesiastzat hartu zuten, eta liburuetan agertzen den Salbatzailea zela uste izan zuten. Mundutarren bekatuak bere gain hartu, gurutzean hil eta berrogeita hamar egun Pazkoa izan ondoren, Mendekoste egunean, berpiztu egingo zela sinestatu zuten. Espiritu Santua apostoluengana jaitsi eta haiek ebanjelioa herri guztietara zabaltzea agindu zien.

Jesusen bizitzako ekintzak eta mezua "Ebanjelioa" izeneko liburuetan bildu zituzten; horiek eta beste hainbat idazkik (guztira 27) osatzen dute "Itun Berria", kristautasunak Jainkoaren azken errebelaziotzat hartzen duena. Kristautasuna Palestinako juduen artean hedatu zen lehenengo; eta gero, diasporan zabaldu zen hamabi apostoluek (mezulariak) egindako bidaia ugariei esker. Paulo Tarsokoa, helenizatutako judua eta hiritar erromatarra, kristau bihurtu zen. Hogei urtetan ibili zen Erromako Inperioan barrena eta bertan, judu eta jentilen artean, komunitate kristau anitz sortu zituen. San Paulo apostoluak eginkizun berezia izan zuen Eliza kristauaren eraikuntzan: hamalau epistolak dira "Itun Berriaren" zati garrantzitsuenetakoa. San Pedro apostoluak hartu zuen hasieratik eliz elkartearen burutza eta aita santu katolikoek haren ondorengotzat hartzen dira.

II. mende arte Kristautasuna herri xehearen artean zabaldu zen, berdintasuna eta elkartasuna predikatuz. Geroago, ordea, mundu greko-erromatarreko klase aberatsak izan ziren kristautu zirenak. Horrela, 313an guztiz aldatu zen kristautasunaren egoera, Konstantino enperadoreak Milango ediktuaren bidez zilegitu zuenean. 380an, Teodosio I.a Hispanian jaiotako enperadore erromatarra izan zen kristautasuna estatuko erlijiotzat hartu eta jentilen beste guztiak debekatu zituena. 

Mendebaldeko Inperioa erori zenean, haren lekua hartu zuen Elizak eta Erdi Aroko kristandadea hedatu egin zuen; Ekialdeko Inperioak, halaber, Elizarekin bat egin zuen, horren ordezkaritza hartuz neurri batean. Eki-Mendebaldeko zibilizazioa eratzean funtsezko eragina izan zuen kristautasunak.

IV. mende hasieratik, aitzitik, kristautasunak zatiketa ugari izan ditu, heresiak eta zismak tarteko. Horien ondorioz eratu dira hiru kristautasun-modu nagusiak: katolizismoa, ortodoxia eta protestantismoa. Aita santuaren lehentasun hierarkikoa da beraien arteko bereizketa nagusia. Baina, horiez eta eliz ministerioei buruzkoez gain, fede, moral eta sakramentuei buruzko beste hainbat ñabardura dituzte eztabaidagai. Zatiketak gainditzeko ahaleginak gertatu izan dira historian zehar; Adibidez, XIX. mendetik aurrera zabaldu eta indartu da mugimendu ekumenikoa, batasunerako bideak irekitzeko batez ere.

Iturria: Gaiak/ Harluxet