<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Hogeita hamar Urteko gerra
Europa, eta batez ere Inperio Sainduko gatazka erlijioso eta politikoari deitu zaio Hogeita hamar Urteko gerra (1618 - 1648). Oinarrizko arrazoiak protestante eta katolikoen arteko antagonismoa eta Austriako etxearen handinahiak Europan sortutako kezka izan ziren. Borroka Bohemian hasi zen, Pragako leihotikatzearen ondoren (1618). Gerrak lau aldi izan zituen:
1) aldi palatinatuarra (1618 - 1623): Federiko, Palatinatuko hauteslea eta kalbindarra, bohemiako errege izendatu zuten. Fernando II.a enperadoreak Espainiari laguntza eskatu eta katolikoek Mendi Zuriko batailan (1620) txekiarrak garaitu eta Federikori estatuak kendu zizkioten.
2) aldi danimarkarra (1625 - 1629): Danimarkako Kristian IV.a luteranoen buru izan zen. Lutterko batailan (1626) katolikoek garaitu egin zuten eta atzera egin behar izan zuen.
3) aldi suediarra (1630 - 1635): Suediako Gustavo Adolfo luteranoak Breitenfeld (1631) eta Lützen (1623) austriarrak garaitu egin zituen, baina azken bataila horretan hil egin zuten.
4) aldi frantziarra (1635 - 1648): ordura arte Austriako etxearen aurkakoei ezkutuan lagundu ondoren, Richelieuk Frantzia gerran zuzenean sartzea erabaki eta Espainiari gerra deklaratu zion. Kardinalaren aginduz Duvergier Hauranne Baionako abade jansenista atxilotu egin zuten. Frantziak Rocroi (1643) eta Lens-ko (1648) batailak irabazi ondoren, Fernando III.a habsburgtarrek Westfaliako ituna (1648) sinatu behar izan zituzten.
Hogeita hamar Urteko gerra amaitu ondoren, Espainia eta Frantzia arteko gerrak segitu zuen, Mazarin-ek eta Haro-ko Luis Méndezek 1659an Pirineoetako bakea sinatu zuten arte.
Loturak: Turenako bizkondea; Segadorsen gudua;
Iturria: Elhuyar