Luther, Martin (Lutero)
Martin Luther Eisleben-en, Saxonia, jaio 1483an eta bertan hil zen 1546an. Meatzari baten seme eta erlijio erreformatzailea izan zen.
Monje agustindarra egin zen (1506). Salbamenaren gaiak kezkatu zuen eta bere buruari hildura zorrotzak ezarri zizkion. Ordenak Wittenberg-era bidali zuen (1511) eta 1513.az geroztik bertako unibertsitateko teologi irakasle izan zen, San Pauloren gutunak irakasten zituen. Bere 95 tesitan (1517) induljentzien trafikoaren aurka "Induljentzien Eztabaida" eta horien printzipioen aurka altxatu zen; tesi horiek Erreformaren abiapuntu izan ziren. Erroman kondenatu bazuten ere, bere lanari segida eman zion eta hiru idatzi erreformatzaile handiak argitaratu zituen (1520): "Noblezia Alemaniarrari" (gorentasun erromatarrari buruz), "Babiloniako Gatibualdia" (sakramentuei buruz) eta "Kristauaren Askatasunaz" (Elizari buruz). "Exsurge Domine" bula jendaurrean erre zuen. Worms-eko dietak eskomikatu zuen (1521), baina, ez zien bere ideiei uko egin nahi izan eta Inperiotik alde egin behar izan zuen.
Saxoniako Federikok babestu zuen eta 1522an Wittenberg-era itzuli ahal izan zuen. Katharina von Bora moja ohiarekin ezkondu zen (1525) eta bere bizitza bere lana egituratzen eta defendatzen eman zuen. Wittenberg-ko gazteluko egonaldian alemanerara itzuli zuen Biblia (1521 - 1534). Hasiera batean bere kide izan zen Tomas Münzer-en aurka jo zuen, "Wider die himmlischen Propheten" (Zeruko profeten aurka) idatzi zuen. Laborarien matxinadan, berriz, printzeen alde jarri zen, nahiz eta horien sarraskiak salatu gero.
Erromaren aurka jo zuen "De srvo arbitrio" liburuan. Ondoren, eliza luthertarra antolatzen hasi zen; kulturaren nondik-norako zehaztu, kantuak prestatu eta 1529an "Katexima Handia" eta "Katexima txikia" idatzi zituen. Erreforma zabalduz ari zen neurrian, nabarmendu ziren Lutero, Zwinglio eta Ecolanpadioren arteko aldeak, jaunartzearen inguruan bereziki: 1530ean "Ausburgoko Aitorpena" argitaratu zuen, Luteranismoaren dotrina testu nagusienetako bat; eta 1531n printze protestanteen schamaldar Ligarako artikuluak idatzi zituen.
Loturak: >Alemania;
Iturria: Elhuyar/ Lur