<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Frankoak
IV - VI. mendeen bitartean Galian zabaldu zen herri germaniarra; Galiak haiengandik hartu zuen Frantzia izena, gero Hexagono osora zabalduko zena. Halere, ez dago garbi zein den frankoen jatorria. Badirudi herri baltikoetakoak zirela, eta hasiera batean bi tribu-multzotan banatuta zeudela: franko-saliarrak eta franko-ripuariarrak. Rhin ibaiaren ekialdeko lurraldeetan bizi omen ziren III.mendean, eta V. - VI. mendeetan erromatarrei iparraldeko Galia hartu zieten.
Klovisek, franko guztien buru eginik, hegoalderantz jo zuen eta bisigodoak bertatik egotzi zituen (507). Eliza kristauaren ortodoxiari atxiki zitzaion, arianistak ziren gainerako herri germaniar gehienak ez bezala. Merovinjioen dinastiako lehena izan zen eta franko-karolinjioak VII. mendean nagusitu arte iraun zuen. Frankoek Pirineorantz zabaldu nahi izan zuten eta mendeetako borrokan jardun zuten euskaldunekin, baskoiak bizi ziren lurraldea beretu nahirik. Frankoen errege Karibertok Akitaniako dukerria sortu zuen (630), Garona eta Loira artean hiriburua Tolosan zuena. Baskoien aurka borrokatu eta menderatu ondoren, Akitaniako agintera batu egin zituen (660).
Karlos Martelen frankoek eta Eudon Handiaren baskoiek Pirineoetatik iparraldera arabiarrak finkatzea eragotzi ondoren (Poitiers, 732), frankoek euskaldunen kontrako erasoei ekin zieten berriro. Arabiar eta baskoien kontrako borroken erakusgarria da Karlomagnok Zaragozaraino egindako barneratzea. Karlomagnok Iruņea suntsitu eta erre ondoren, euskaldunek Orreagako batailan lortu zuten garaipena (778).
IX. mendearen hasieran frankoek Akitaniako dukerria erdibitu eta Atturritik hegoaldera Baskoniako dukerria sortu zuten. 824an, Eneko Aritza baskoien buruzagiak Pepin I.a frankoa garaitu ondoren, Iruņeko erresuma sortu zen eta frankoek Pirineoez hegoalderako lurraldea menderatzen saiatzeari utzi egin zioten.
Loturak: Gregorio Toursko donea;
Iturria: Elhuyar