<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

katolizismoa

Eliza katolikoa, kristautasunaren hiru erakuntza nagusietako bat, Erromako aita santuaren aginte eta gidaritza onartzen duena; Eliza katolikoa, ortodoxoa eta protestantea dira kristau-erlijio historikoaren hiru erakuntza nagusiak. Hirurek aitortzen dute Jesu Kristoren Elizaren katolikotasuna edo unibertsaltasuna; baina horren barruan gertaturiko bereizkuntza edo zismen ondoren, Erromatar Elizaren izen gisa geratu ziren Eliza katolikoa eta katolizismoa, batez ere Konstantinoplako Eliza ortodoxotik, protestantismotik eta anglikanismotik bereizteko. Izatez, kristau katolikoek katolizismoa bakarrik daukate osorik egiazkotzat, jatorrizko apostoluen Elizarekin bat egiten duena.

Ekialdeko Zismarekin (1054) Eliza ortodoxoaren bereizketa burutu zen, mendetako tirabira eta hausturen ondoren, non eztabaida teologikoak eta gatazka politikoak, Konstantinoplako inperioaren eta Erromako aitasantutzaren artekoak, nahasita baitzeuden sarritan. XVI. mendeko Erreforma protestantearen ondorioz eratu ziren Eliza protestanteak Europan, Eliza katolikotik bereiziz. Zisma ortodoxoaren ondoren Europako mendebaldean geratu zen gehienbat mugatuta katolizismoa; XVI. mendeko zisma protestantearen ondorioz, berriz, Europako iparraldearen parte handiena Eliza katolikotik kanpo geratu zen. Aldi berean, ordea, misio-lan handiari ekin zion Amerikan eta Asian, eta zabalkunde handia lortu zuen batez ere Amerikan. Kristau guztien artean katolikoak dira gehiengoa (% 60 inguru) eta mundu osoan daude zabaldurik; Latinoamerikan dago katolikoen kopururik handiena. Doktrina katolikoak Biblian, erlijio-tradizioan, kontzilioetan eta hierarkiaren irakaspen bizian ipini ohi du bere oinarria. Hirutasun Santuaren misterioa, Jainko Semearen gizon egitea, horren heriotza eta piztuera gizon-emakume guztien salbamenerako, jatorrizko bekatua, fedezko sakramentuen eta obra onen bidezko salbamena eta gizon-emakume guztien piztuera: horra katolizismoaren dogma nagusiak.

Erlijiozko biziera, otoitza eta gurtza osoa zazpi sakramentuen inguruan oinarritzen da, bataioa oinarrian eta eukaristia erdigunean; baina santuenganako jaierak eta bestelako debozioek ere leku garrantzitsua dute. Jainkoaren graziaren eta giza libertatearen arteko oreka bilatu izan du irakaspen katolikoak. Egitura hierarkikoa du Eliza katolikoak, ordenaren sakramentuan oinarritzen dena: apezpikuen kolegioak du Eliza osoaren ardura nagusia, baina horren barruan aita santuak du eskumen gorena Eliza osoari buruz; fedezkoei buruzko irakaspenean hutsezina aldarrikatu zuen Vatikanoko I. kontzilioak; apezpikuek dute beren diozesietan eskumen gorena, pertsonala; apaizak eta diakonoak daude hurrengo mailan; oinarrian ordenarik hartu ez duten kristauak. Trentoko kontzilioak (1445-63) eta Vatikanoko I.ak (1869-70) eta II.ak (1962-65) markatu zuten katolizismoa XVI. mendeko Mendebaldeko Zisma Handiaren ondoren. Azken kontzilioak, mundu modernoari ireki nahian, eguneratze-ahalegin handia egin zuen, irakaspen-, liturgi eta egitura-adierazpen batzuk berrituz. Besteren artean, tokian tokiko Elizei antonomia handiagoa eman zien eta tokian tokiko hizkuntzen erabilera zabaldu zuen; Joan Paulo II.aren aitasantutzaldian, ordea, badirudi inboluzio-fenomenoa gertatu dela zenbait puntutan.

Loturak: Kontraerreforma; Latrango itunakLesdiguièresko dukea, François de Bonne; Liga Saindua; >Toledoko kontzilioa

Iturria: Harluxet