<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Habsburgeko etxea

Dinastia europarra, Erromatar-Germaniar Inperio Sainduan (1273-91; 1438-1740; 1765-1806), Austrian (1278-1918), Espainian (1516-1700) eta Bohemian eta Hungarian (1526-1918) erreinatu zuena.

XII. mendean Suitza eta Alsazian lurralde ugari eskuratu zituen; 1273an Rodolfo I.a Alemaniako errege izendatuta, Austria Beherea eta Estiria konkistatzean (1278), ospe handia lortu zuen etxeak. 1363an Tirolez jabetu zen, eta XV. mendean Austriako etxe bilakatu zen. Ezkontza eta jaraunspenen bidez, Herbehereak, Espainia, Bohemia eta Hungaria ere bereganatu zituen (1477-1526).

1556an Karlos I.ak abdikatu, eta lehendik Hungaria eta Bohemiako errege zen bere anaia Fernando I.ari utzi zizkion Austriako lurraldeak, enperadore gisa; horrela sortu zen etxearen Austriako adarra; Karlos VI.a (1711-1740) izan zen adar honetako azken erregea, haren alaba Maria Teresa Frantzisko Lorrenakoarekin ezkondu zenean (1736) etxeak Habsburg-Lorrena izena hartu baitzuen. Espainiako erresuma eta Italiako eta Borgoinako lurraldeak Karlos I.ak bere seme Felipe II.ari utzi zizkion, horrela dinastiaren Espainiako adarra sortuz. 1700ean desagertu zen Espainiako adarra Karlos II.a hiltzean, eta borboien dinastia sartu zen Felipe V.arekin.

Loturak: Urrezko Ahari-larruaren Ordena

Iturria: Harluxet