Bergara

Bergara aldean historia aurreko garaietan jendea bizi zela frogatzen duten aztarnategi megalitikoak, Udala-Intxorta eta Elosu-Plazentzia, dira aipagarrienak. Bergara aipatzen duen lehen dokumentu idatzia, ordea, 1050ekoa da; maiorazko, lur eta soroen donazio dokumentu batean hain zuzen. 1202an, gaztelu bat bazen Elosun, baina, Alfontso VIII.a gaztelarrak Gipuzkoa inbaditu zuenean gaztelarren eskutan erori zen. Gasteiz eta Kostalde bitartean leku estrategiko zela-eta, 1268an, Alfontso X.a Gaztelako erregeak eman zion Bergarari Hiri-Gutuna, Ariznoa izeneko lekua populatu eta eraikitzeko. Deba ibaiaren erribera emankorrek lagunduta, nekazal garapena handia izan zuen. Bergara inguruko herriak menpean ezartzen zituzten pribilejioz hornitu zuten Gaztelako erregeek XIII-XV. mendeetan. XIV. mendearen erdialdean, ordura arte Elgetari lotua egon zen Oxirondo Bergararren menpean geratu zen, Ahaide Nagusien arteko guduetan Bergarak eman zezakeen babesa zela eta. Beste hainbeste gertatu zen Antzuola (Uzarraga) herriaren kasuan. Dena den, lotura horiek ez ziren erabatekoak izan, eta Oxirondok nahiz Uzarragak auzitan jardun zuten Bergararren aurka XVII. mendera arte.

Bergara eta Elgeta elkarren aurka aritu ziren ere 1346. eta 1446. urteetan, biztanleen arteko etsaigoak sorrarazitako guduetan. Muga-auziak izan zituen Bergarak Azkoitiarekin, eta artekarien epaia onartu zuten bi herriek 1415ean. XVII. mendean, gorabehera eta tira-bira askoren ondoren, Antzuola (Uzarraga) berezi egin zen (1629). Oxirondok beste hainbeste egin nahi izan zuen 1630ean, baina, lortu ez zuenez, auzo izaeran segitu zuen. XVIII. mendean, eta industrializazio aurreratuari esker, sortu ziren burdinoletan arma fabrikak. Garai horretakoak dira armarri duten etxe asko eta San Martin Agirre plaza bera ere.

Espainiako Felipe V.ak aduanak kostaldera eraman nahi zituen errege-dekretuaren aurkako1718ko matxinadan Bergarak ere parte hartu zuen. 1766an, ordea, bihiaren salneurriaren igoera zela-eta, Azkoitian eta Azpeitian piztu zen matxinadan ez zuen parte hartu; kontra atera zen Gipuzkoako handikiekin, Peņaflorida kondea barne. Urte bereko apirilaren 26an, Bergara hartu nahi izan zuten 700 elgoibartarrek, baina hutsean geratu zen saioa. 1776an Peņaflorida kondearen eskutik eta Euskal Herriko Adiskideen Elkarteak lagunduta, jesuitena izandako egoitzan, Bergarako Erret Mintegia sortu zen. Konbentzio Gerran, ordea, Frantziako gudarosteek herria harrotu eta Erret Mintegia hondatu egin zuten erabat.

Lehen Gerra karlistan, Bergara liberalen alde agertu zen, baina 1835ean Zumalakarregik hartu zuen. 1839an, Oņatin sinatutako Bergarako Hitzarmena izenekoa, Espartero jeneral liberalaren eta Maroto buruzagi karlistaren arteko besarkada batekin irudikatu zen Bergaran.

1860an jaio zen Bergaran Telesforo Aranzadi, Euskal Herriko antzina ezagutzeko lan eskerga egin zuen antropologoa eta 1904an Telesforo Monzon, politikari eta euskaltzaina.

Iturria: Lur Entziklopedia