<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Bergarako Erret Mintegia

Bergarako Erret Mintegia edo "Real Seminario Patriotico Bascongado de Vergara" 1776an sortu zen Euskal Herriko Adiskideen Erret Elkartearen eskutik. Ilustrazioa garaiko joeraren ildoan irakaskuntza eta ikerketarako erakundea izatea zuen helburu. Peņafloridako kondea, izan zen erakunde horren bultzatzaile nagusia. Egoitza, berriz, jesuitek Oņatitik etorri eta 1593an egokitutako seminarioa izango zen. 1767an jesuitak Espainiatik egotzi ondoren, 1769an, Karlos III.a Espainiako erregeak eman ziena helburu horretarako. Asmo handinahi haien arabera gai klasikoez gainera (latina, erlijioa, hizkuntzak (gaztelania, latina, frantsesa eta ingelesa), matematika, filosofia...), kimika, mineralogia, fisika, natur zientziak, metalurgia, marrazkia eta musika ere irakasten hasi ziren Mintegian. Horiek zirela-eta Bergarako ikastetxea lehen mailako ikasketa eta ikerketa zentro bihurtu zen Espainiako Estatuan. Atzerriko irakasle eta ikerlari ospetsuak ekarri zituzten eta, fisika eta kimika arloak landu ziren bereziki, Euskal Herriko burdin eta altzairugintza eraberritu asmoz. 1783an, Elhuyar anaiek wolframioa isolatu zuten bertan.

Kanpotik ekarritako teknologia berriak eta bertan eginiko saio baliotsuek ez zioten, ordea, nekazaritzari halako berrikuntzarik ekarri. Natur zientzietako eta hezkuntzako ikusmolde berriek aurrenekoen artean ezarri zuten Bergarako Mintegia Europan. Mintegia Gipuzkoako aitonen-semeen ikastegia izan zen batez ere, eta 1787an, 132 ikasle zeuden. 1794an, Konbentzio Gerran, frantses gudarosteak Gipuzkoan sartu ondoren Mintegia Gasteizera eraman zuten, baina, 1798an berriz ere Bergarara itzuli zen. Gainbeheraren hasiera izen zen hura. 1804an Estatuak hartu zuen Erret Mintegiaren gidaritza eta Real Seminario de Nobles izena eman zion. 1822an Bigarren Irakaskuntzako Unibertsitate bihurtu zuten eta hurrengo urtean, Hego Euskal Herrian Foruak deuseztatu eta Fernando VII.a errege zela, Real Seminario de Nobles egin zuten berriro ere.

XIX. mendean Mintegiak ez zuen hasierako garrantzi hura eskuratzerik izan: Gipuzkoako Bigarren Irakaskuntzako Goi Mailako Institutua izan zen (1845). 1851 - 1860 urte bitartean "Real Seminario Zientifico Industrial" izena eman zioten eta, Espainiako Estatuko lehen industria eskola bilakatu zen. 1880an domingotarrek zuzendutako Lanbide Eskola bihurtu zen. 1938an eta 1944aren artean apaizgaitegia izan zen eta 1975etik aurrera, Franko hilda, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren egoitza da (UHUN - UNED).

Loturak: >Balentin Foronda; >Migel Lardizabal;

Iturria: Lur Entziklopedia