<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Euskal Herriaren Adiskideen Erret Elkartea
Euskal Herriko Adiskideen Elkartea ilustrazioaren garaian sortu zen (1765). Azkoitiko zalduntxoak eta Peņafloridako kondea izan ziren sustatzaile, Karlos III.ak baimena emanda eratu zen. Zientziak, artea eta literatura herritarren artean zabaltzea; ezjakintasuna eta bere ondorioak desagerraraztea; eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiaren harremanak estutzea ziren helburu nagusiak. Fundatzaileak boterea eta ondasunak bere esku zituzten Euskal Herriko burgesia eta nobleziako kideak ziren. Krisi ekonomikoari aurre egiteko irtenbideak aurkitzen saiatu ziren; horretarako, ekonomiaren aldaketa eta berrikuntza sakona egitea beharrezkotzat jotzen zuten. Nekazaritzan, laborari txikiak desagertu eta berrikuntza teknologikoak onartu eta erabiliko zituzten nekazariak bultzatu nahi zuten; lursail handiak izan eta teknologiaz baliatuz produkzioa areagotu eta kostua jaitsiz krisiari aurre egitea proposatu zuten.
Hala ere, siderurgian egin zuten ahaleginik handiena; Europako berrikuntza guztiak ezagutu, aztertu eta ekartzen saiatu ziren. Bai nekazaritzan bai industrian ikerketa eta esperimentazio teknikoa bultzatu zuten. Erreformak arrakasta izateko oinarrizko elementutzat hezkuntza hartzen zutenez, eskolak zabaldu zituzten: Gasteiz, Bilbo eta Bergarako mintegiak. Asmo eta ideia onak izan arren, proiektuak finantzatzeko biderik ez zuten aurreikusi eta porrot egin zuten. Elkartearen gainbehera 1793-94an hasi zen.
Loturak: >Agirre Hortes, Jose Maria; >Agirre, Jose >Balentin Foronda; >Jose Goikoa; >Jose Joakin Kolon Larreategikoa; >Jesus Maria Leizaola; >Eugenio Llaguno; >J. J. Bautista Merino; >Murga Jose Maria;
Iturria: Elhuyar