Aranzadi Unamuno, Telesforo
Telesforo Arantzadi Bergaran jaio zen 1860an eta Bartzelonan hil 1945ean. Farmazian, 1882an eta natur zientzietan 1889an, doktoratu zen Madrilen. Antropologia ikerketak egiten hasi zen, beste eremu askotan ere lan eginez batera: marrazkigintza, botanika, etnologia, paleontologia eta musika. Parisko Antropologia Elkarteko saria irabazi zuen 1891an "El pueblo euskalduna" euskal arrazari buruz antropologia ikuspegitik egindako lehen ikerlanekin. 1895ean Granadako Unibertsitatearen Minerologia eta Zoologia katedra hartu zuen eta Bartzelonako farmazia Fakultateko Botanikakoa. Behin-betiko egoitza bertan finkatu zuen, 1899an.
Euskal Herriko leize-zulo, harrespil eta trikuharriak aztertzen hasi zen Joxe Miel Barandiaran eta Egurenekin batera. Aralarko trikuharriak ikertu zituzten eta europar etnologoen laudorioak jaso zituzten. Datu-bilketa zabala eta garrantzitsua burutu zuen Hego Euskal Herrian eta Iberiar penintsulan zehar. Antsoleaga, Eguren, Barandiaran eta Luis de Hoyos-ekin lankidetzan askotan aritu zen. Moskuko Historia Naturala, Antropologia eta Etnografia Elkartea; Erromako Antropologia Elkartea; Madrilgo Historiako Erret Akademia; Berlingo Institutu Arkeologikoa eta beste zenbait elkarteko kide izan zen.
Bere aurkikunde garrantzitsuenetako bat 1936an egin zuen Itziarren, Euskal Herrian inoiz aurkitutako burezur zaharrena aurkitu baitzuen. Horren bidez euskal arrazaren antzinatasuna Madeleine aldian kokatu ahal izan da. Europako topaketetan esku hartu ohi zuen; Espasa Entziklopediako lankide, Europako zenbait ikertzaileen lanen itzultzaile (Humbolt, Frizzi eta Haberlant besteak beste) eta Espainiako zein beste atzerriko aldizkari espezializatu askotako kolaboratzaile izan zen. Euskal Herriko historiaurreaz liburuak idatzi zituen: "Etnografia: Razas negras, amarillas y blancas" 1900; "Los gentiles del Aralar" 1919; "El tipo y la raza de los vascos" 1919.
Iturria: Elhuyar