Monzon, Telesforo
Telesforo Monzon Bergaran jaio zen 1904ko abenduaren 1ean eta Baionako ospitalean hil 1981eko martxoaren 9an. Olaso etxeko goi familiakoa. Gipuzkoako Urkizun denboraldi bat igaro zuen euskara ikasten. 1935ean ezkondu ziren Maria Josefa Ganuza eta biak. Comunion eta Aberri bat egin zutenean afiliatu zen EAJan (1930). Gipuzkoa Buru-Batzarreko lehendakari eta Gipuzkoako diputatu izan zen (1933). Espainiako Bigarren Errepublikan Euskal Herrirako Lizarrako autonomi estatutua defendatu eta bultzatu zuen. 1934an bi aldiz atxilotu zuten eta epailearen aurrean deklaratzeari uko egin zion euskaraz egin ezean. Espainiako Gerra Zibilaren ostean, lehenengo Euzko Jaurlaritzako gobernazio-kontseilaria izan zen, bai Bilbon bai atzerrian. Hilabete gogorrak eta tentsio handiak igaro zituen karguan, Larrinagako espetxeko hilketak leporatu baitzizkioten. 1940an Mexikora erbesteratu zen eta 1946an Parisera aldatu. Euzko Jaurlaritzak hartu beharreko norabideaz Jose Antonio Agirre lehendakariarekin ez zetorren bat eta Monzonek Euzko Jaurlaritza utzi egin zuen 1952an. Telesfororen esanetan "Puntu honen gainean zegoen desadostasuna: Euskal Gobernua Errepublika Espainolaren puska edo zati izan zitekeenik ez nuen inola ere onartu nahi. Euskal Gobernuaren autoritatea eta legetasunaren iturria ez zetorren inola ere Konstituzio espainoletik".
1963an Enbataren sorreran parte hartu zuen eta pixkanaka-pixkanaka ETAko errefuxiatu politikoekin harremanetan hasi zen Iparraldean. ETAko gazteekin harremanak izan zituen errefuxiatu historiko bakarra izan zen; Anai-artea elkarteko lehendakari izendatu zuten. Zenbaitetan ETAren bozeramaile eta bitartekari izan bazen ere, ez zen inoiz ETAko kide izan. Hegoaldera itzuli (1977) eta euskal ezker abertzalearen inguruan ibili zen. Abertzaleen Frontea osatzeko Txibertako saioak bultzatu zituen eta urte horretan bertan EAJtik bota zuten. HBko kide, Gipuzkoatik diputatu hautatu zuten (1979). Terrorismo-apologia egin izana egotzita atxilotu eta epaitu zuten hainbatetan eta eskuin muturreko talde bat hura hiltzen saiatu zen.
Euskal Autonomi Elkarteko Eusko Legebiltzarrean HBko parlamentario hautatu zuten (1981). Bestalde, euskaltzale eta idazlea ere bazen; antzerkiak (Odol Bideak; Menditarrak; Harpeko bozkarioa; Behorraren ostikoa; Maria Lorka) eta poemak (Urrundik; Gudarien eginak) idatzi zituen eta kanta ezagunen egilea izan zen (Lepoan hartu, Itziarren semea,Aupa gizona, Aita kartzelan duzu, Euskalduna naiz eta, Batasuna, Ikastolen ereserkia, Bai euskarari, Txikia...). Euskaltzain urgazlea izan zen 1966az geroztik.
Loturak: Zumarragako Biltzarra;
I: Harluxet/ Berria