Maroto Isern, Rafael
Rafael Maroto Lorcan, Murtzia, jaio zen 1783an eta Txilen hil 1847an. Jeneral espainiarra izan zen, Napoleonen kontrako Espainiako Independentziarako gerran Zaragozako defentsan parte hartu zuen eta Txileko konkistan San Martinek Chacabucoko batailan garaitu zuen (1817). Espainiara itzulitakoan (1825), Toledoko komandante jeneral izendatu zuten. Fernando VII.a hil eta, Lehen Gerra Karlistan,erregegai Karlos Maria Isidroren zerbitzura jarri zen (1833). Gerraren hasieran kargurik gabe aritu zen, baina, Zumalakarregi hil zenean (1835) Bizkaiko buru jarri zuten.
Euskal Herrira iristea lortu zuen eta 1835ean Bizkaiko tropen agintea eman zioten, baina estrategiari buruzko eztabaidak izan zituen beste militar karlistekin eta kargutik kendu egin zuten. 1836an Kataluniako tropa karlisten agintea hartu zuen, baina bitarteko falta zela-eta kargua utzi egin zuen. 1838an, Karlosek deituta armada karlistaren buru nagusi izan zen Euskal Herrian. Karlista erradikalenen aurka borroka egin behar izan zuen eta beraren kontra altxatu ziren buruzagi karlistei hiltzeko zigorra ezarri zien. Armada nekatuta zegoela eta, bakea negoziatzen hasi zen eta Esparterorekin sinatu zuen Bergarako hitzarmena (1839). Txilera egindako bidaia batean hil zen.
Loturak: Joan Antonio Gerge;
Iturria: Elhuyar/ Lur