|
|
||
|
puntubi.com |
|
|
>Arrasateko historia |
|
||
Euskal Herrian aurkitu diren giza aztarna zaharrenak Arrasate inguruan aurkitu dira, batez ere, Lezetxikin. Hemen, Erdi Paleolitiko garaikoak azaldu dira eta Labeko Koban, Goi Paleolitiko garaikoak. Horiez gain, beste aztarnategi batzuk badaude, hala nola, Etxaluz, Oterreta, Lezetxe Kobatxo e.a. Herri ohitura eta elezaharren arabera Antso Abarkak (970-994) hiria harresiz inguratzea agindu zuen eta hau defendatzeko gaztelu bat eraiki zuen Santa Barbara mendian (ikus web). Aurretik, bailarako jendeak Nafarroako erresumarekin lotura zutela adierazten du Muetzeko guduan parte hartzeak, Antzuolan ospatzen da bertako gudariak errege musulmana hartu izana. Gaztelarrak Gipuzkoa inbaditu ondoren (1200 inguruan), Mondragon izena ezarri eta Gaztelako Alfontso X Jakintsuak Hiri Gutuna eman zion, 1260ko maiatzaren 15ean, Jaengo San Esteban del Puerto herrian. Dokumentu horren arabera, Vitoriako Forua eman zioten Arrasate edo Arresate herriari; horrekin, jatorrizko izena aldatu eta Mondragon izena jarri zioten. Bando borroken indarkeriatik ihes egin nahirik, 1353 urtean Udala, Uribarri, Garagartza, eta Gesalibarko Santa Agueda elizateak sartu ziren hiribilduan eta horrelaxe eratu zen herriaren lurralde hedadura XX. mendeko 60.eko hamarkada arte, Bedoñako elizatea atxiki zen arte. Ahaide Nagusien borrokaldiek eragina izan zuten Arrasaten. Guraia (oinaztarrak) eta Bañez-en (ganboatarrak) arteko liskarren ondorioz hiribilduan sute handia izan zen 1448ko ekainaren 23an, Arrasateko sutea. Sute haren ondorioak asko eta askotarikoak izan ziren, baina haien artean hauxe azpimarratuko dugu, Aragoi eta Gaztelako Errege eta Erregina inkisizio katoliko bultzatzaileek Bañez eta Guraiarraren bandoak desagerrarazi zituzten 1490 urtean, eta Gipuzkoako Korregidoreari agindu zioten Ordenantza berriak ezartzeko Arrasateko udal erregimenerako. Hurrengo mendeetan aberastasun ekonomikoa handitu egin zen. Ahaide Nagusien tokian, hiri tramako oligarkia agertu zen; geroago eta gehiago bildu zen haien aberastasuna ugazabaren eskuetan. Izen handiko pertsonaiak sortu ziren mende horietan: Garibai, Barrutia, Okendotarrak eta beste hainbat. Hiri garapena oparoa zen eta eraikin esanguratsuak egin zituzten, Udaletxea, San Frantzisko eliza edo Monterron jauregia. XVIII mendearen bukaera eta XIX. mende hasieran Europako monarkiek Iraultza Frantsesak sortutako Konbentzioaren aurka egindako konbentzio gerraren ondorioz eratu zen Arrasaten "Diputación a Guerra" Bizkaia eta Gipuzkoako herri libreei deialdia zabaldu eta bertan sinatu zen Arrasateko akordioa. XIX. mendearen bukaeran garrantzi handiko beste gertaera historiko baten lekuko izan zen Arrasate: Antonio Canovas del Castillo, Espainako gobernuburu zela, Gesalibarko bainuetxean (orain ospitale psikiatrikoa) hil zuen Angiolillo anarkistak, 1897ko abuztuaren 8an. XX. mendean gertatu zen iraultza industriala Euskal Herrian. Industria garapenak markatu zuen aro berria eta biztanleria asko hazi zen; ondorioz, beste eraketa berri bat sortu zen emigrazioaren eraginez. Mende hasieran ekimen pribatuko garapen industriala gertatu zen, aipagarriak dira; batetik, "Unión Cerrajera" (1906 urtean), "Vergarajauregui, Resusta y Cia" (1869) eta "Cerrajera Guipuzcoana" batzetik sortu zena eta; bestetik, ELMA, esku-lanerako biztanle gehiena batzen zutenak, garrantzi txikiagoa zuten beste enpresa batzuekin batera. Espainiako Gerra zibilaren ondoren kooperatibismoaren sorkuntzari lotuta dago Arrasate eta inguru herrietako garapen ekonomikoa. ULGOR (1956an) sortu ostean asko hazi da eta gaur egun kooperatibismoak produkzio industrialei ez ezik banku etxeei, prebentzio sozialei edo irakaskuntzari lotutako asmoak biltzen ditu. Iturria: Arrasateko udal web-a, Auñamendi |
||
|
5.- Bidali informazioa |
|||
|
|