<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Foruak
Hasiera batetik, Euskal Herriko bizitza politikoa eta soziala ahozko eta ohiturazko legedi bidez arautzen ziren; legedi zaharretan oinarrituta idatzi ziren, orduan, Foruak. Erdi Aroaz geroztik erregeak eta Probintziako Batzarrak idatzi eta onartutako tratatuak biltzen zituen bilduma bihurtu ziren. Euskaldunek foruen arabera zenbait eskubide indibidual edo kolektibo izan zituzten erregearen aurrean: zuzenbidezko eskubideen errespetua, bake garaian soldadutza egin beharrik eza, zerga-erregimen berezi eta pribilegiatua, aduanako zergarik eza, etab. Probintzia bakoitzeko Batzarrak foru-legeak idatzi eta aldatzeko ahalmena zuen. Batzarretako erabakiak gehiengoak hartzen zituen, baina gutxiengoak erregearengana jo zezakeen parte hartu eta egoera konponezina izanez gero, erabakia har zezan. Iruñea-Naiara-Nafarroako erregeen aurrean betebeharreko arauak Foru Nagusian idatzi ziren, eta Gaztelako erregeen aurrean, garaian garaiko izan ziren foru idatziak.
Erregeak indar handia zuen baina betiere foru-baimena edo kontraforua kontutan hartuta; hau da: Batzar Nagusiek edo Gorteek eskubidea zuten foruen kontrako erregearen legeak ez betetzeko. Alegia, bazegoen Batzarraren eta erregearen indarraren arteko oreka. 1561az geroztik, instituzio zentraletik etorritako lege, dekretu, zein prakmatikak kontraforutzat hartuz gero, "onartzen da baina ez da betetzen" esapidea erabiltzen zen. Baina, 1796ko erret ordenak, eskubidearen desagerpena agindu zuen ordenak, ez zuen horrelakorik bete.
Hego Euskal Herrian, Felipe V.arekin Borboiak Espainiako tronura igo zirenean, botere zentrala indartzeko politika ezarri zuten; eta horretarako foruen desagerpena nahi izan zuten. Baina, Euskal Herriak Ondorengotza-gerran (1701 - 1714) borboien alde borrokatu zuenez, foru-legea mantentzeko aukera izan zuen. Ipar Euskal Herrian, berriz, Borboien dinastia frantsesak absolutismoa ezarri nahi izan zuen eta ia-ia etengabeko matxinadak gertatu ziren XVII eta XVIII. mendeetan zehar. 1661ean izan zen entzunetako bat, Matalasen matxinada alegia. Iraultza Frantsesak, azkenik, ezabatu zituen Foruak Iparraldean.
Hegoaldean, Foruek geroz eta eraso gehiago eta gogorragoak jaso zituzten XVIII. mendean zehar. Boterea zentralizatzeko ekinean Cadizko Gorteetako konstituzioarekin (1812) desagertu ziren lehenengo aldiz hegoaldeko euskal foruak. Nahiz eta geroago berrezarri, Lehen Karlistadan, galbidean sartu ziren. 1841ean, Foru-baimena eta kontraforu-eskubidea abolitu egin zituen Esparterok; geroago, udalen legea indarrean sartu zen (1845), eta azkenik, Bigarren Karlistada amaitutakoan, Alfontso XII.ak 1876ko konstituzioa promulgatu eta Hego Euskal Herriko foruak erabat deuseztatu egin zituen. Cánovas del Castillok Foruen ordez Kontzertu Ekonomikoak eratu ziren.
Loturak: >Foru murriztua; >Laidoen kaierrak; >Moraza, Mateo Benigno; >Ordenantzen koadernoak; >Promulgazio-eskubidea;
Iturria: Elhuyar