Ordenantzen koadernoak
Erdi Aroko euskal politika eta zuzenbideko lege eta ordenantzak biltzen zituen koadernoa. Hasieran foruak ohiturazko legeak baino ez ziren eta ez zegoen hauek biltzen zituen idazkirik. Bandoen arteko gerra amaitzeko probintzietan ermandadeak sortu zirenean, probintziek, ermandadeek eta erregearen ordezkariek eguneroko bizitza arautuko zuten lege eta ordenantzen premia ikusi zuten. Arabako lehenengo ermandadeak eta berauek arautzeko ordenantzak 1417koak ziren; gerora berrituz eta hobetuz joan ziren. 1463an Enrike IV.aren aginduz eginiko Ordenantzen koaderno berria 400 urtez egon zen indarrean.
Gipuzkoako foruak lehenengo aldiz 1696an idatzi ziren eta 1867an egin zen behin-betiko berrikuspena. Bizkaian, foruen lehenengo bilduma idatzia 1452koa da, eta berrikuspena, 1526an idatzi zen. Nafarroa Beherean lehenengo erredakzio-agindua 1454koa da, 1553 arte inprimatu ez bazen ere. Lapurdin 1514an egin zen bilketa eta Zuberoan 1520an. Nafarroan Ordenantzen koadernoaren ordez, agintaldi bakoitzaren amaieran, agintaldian Gorteek onartu eta erregeak berretsitako arauak biltzen zituen Legeen koadernoak izan zituzten.
I: Harluxet