Goienetxe, Bernard (Matalas)
Goyheneche edo Goinheix, Bernard
Bernard Goyheneche-koa, Mithikile herrian jaio zen, ez dakigu ongi zein urtean, eta Lextarren hil zuten 1661eko azaroaren 8an. Apaiz ikasketak Bordelen egin zituen eta Zuberoako Mithikile bere herriko erretorea zenean nobleen aurkako matxinada piztu zen, 1661eko ekainean.
Nafarroako Luis III.a, Frantziako XIV.a Handia, errege borboiaren neurri gero eta zentralistagoaren eraginez Zuberoako Foru eta eskubideak murriztu ziren (herriak zuzenean aukeraturiko ordezkarien aginte maila ezabatu, gehiegizko zergak...); gainera, herri lurrak desjabetu eta nobleen artean banatzeko joera zabaldu zen, benetako agindu baten modura, “lur-sailik ez jaunik gabe” printzipio feudalaren ildotik. Zuberoako Gorteetan, hirugarren estatuko ordezkariek egindako saioek behin eta berriz huts egin ondoren, Matalas apaiz gartsu eta hizlari trebeak hartu zuen laborariak neurri haien aurka gidatzeko ardura. Herriak Irabarneko “silviet” edo hirugarren estatuko biltzarrean zuzenean hautaturiko ordezkari gehienak aldeko zituen hasieratik. Elizako hierarkia, aitzitik, aurkako izan zuen beti Matalasek.
1661eko ekainean hasi zen Matalasen matxinada. Nobleak, Iruriko kondea tarteko, eta Mauleko burgesia zituen etsai Matalasek eta haien aurkako erasoa jo zuten bildutako lauzpabost mila lagunek. Sohütako etxe batzuk erre eta Mauleko hiria eta Maule-Lextarreko gaztelua setiatu zituzten matxinatuek. Horren inguruan 7.000 bat lagun altxa ziren armatan eta Zuberoako jauntxoek Bordeleko parlamentuko militarren laguntza eskatu zuten. Bien bitartean, herri antolamenduko moldeak bermatzen saiatu zen Matalas, laborariek kontrolatzen zituzten herrietan.
Urriaren 12an borrokatu ziren Söutan Matalasen laborariak ia-ia armarik gabe eta Bordeletik bidalitako 100 zaldizko eta 400 oinezko gudari guztiz armatuak. Jauntxoek eta Bordeleko tropek, Calvo izeneko kapitain mertzenarioa buru, arras menderatu zituzten laborariak. Matalasek ihes egitea lortu zuen, baina Jentañeko dorretxean, Urdiñarbeko herritik hurbil, hartu zituzten preso Matalas eta bere laguntzaile hurkoak. Mauleko gaztelura eraman zituzten eta epaitu ondoren, urte bereko azaroaren 8an hil zituzten Matalas eta Roquehort Ibar Ezkerreko “degâ" edo ordezkaria.
Lextarreko plazan lepoa moztuta hil zuten Matalas eta haren burua gazteluko kanoi-zulo batean jarri zuten; gero, Mauleko sarreran ezarri zuten haren burua bolada batez, jende guztiaren zentzagarri. Harrapatu ez zituzten beste zortzi lagunentzat herio zigorra eman zuten epaileek, eta bizitza guztirako galeretara kondenatu zituzten beste hiru, Matalasen iloba bat tarteko. Matxinatu batzuei bizia barkatu egin zieten, baina hain ziren gogorrak jarritako zigor eta isunak non jende asko Zaraitzura eta Erronkarira erbesteratu baitzen.
Bernard Goienetxekoak gidaturiko matxinadaren ondoren, nobleen agintea areagotu egin zen Zuberoan, eta neurri handian ahuldu ziren Zuberoako antzinako herri eskubideak. Hala ere, Matalasen oroitzapenak bizirik iraun du Zuberoan, heroi zuzentzaile baten gisara. 1966 arte gurutze batek markatzen zuen Matalaz hil zuteneko lekua, baina errepideko biribilgune batek ezabatua da. Nolanahi ere, bizirik iraun du gaur egun arte Matalasen irudiak (Etxahun Iruri koblakari handiak pastoral bat eskaini zion 1955ean, “Matalaz” Eskuila herrian antzeztua.) eta gaur egungo ideologia abertzaleen begietan, Zuberoako, eta Euskal Herriko, izatearen eta herriaren interesen defentsan ihardun zuen heroi handi bihurtu da. Haren izena daraman ondoko kantak ongi adierazten du hori:
Dolü gabe hiltzen niz, bizia Ziberoarentako emaiten baitüt.
|
Agian, agian, egün batez jeikiko dira egiazko Ziberotarrak, egiazko eüskaldünak, tirano arrotzen hiltzeko eta gure aiten aitek ützi daikien lurraren popüliari erremetitzeko. |