<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Foru Nagusia
Antzinako Euskal Foruen ildo berean Nafarroako erresuma osoan aplikatzen ziren lurralde-eskubideei buruzko lege-multzoa, XIII. mendetik aurrera eratu eta osatua. Foruen hizkuntza nafar-erromanikoa da. Gizarteko talde agintariek, elizak, Gorteak..., latina baztertzean, erromanikoa hobetsi zuten Nafarroan zeregin berrietarako; baina, arauak gizarte euskaldun batek bete behar zituenez, euskal hitzak behin eta berriz azaltzen dira Nafarroako foruan, adibidez: ay una pecha que es clamada en bascuenz açaguerrico. |
Antso VII.a Azkarra hildakoan Teobaldo I.a erregetu eta Champagneko dinastiak hartu zuen Nafarroako agintea. Lizarrako Gorteek orduan, dinasti aldaketak lurralde-eskubidean aldaketarik egon ez zedin, erresumako foru politikoak idatziz biltzea erabaki zuten. Batzorde bat sortu zuten horretarako, erregeak, Iruñeko apezpikuak eta beste 40 hiritarrek osatua. Zuzenbide publikoko zortzi foru bildu zituzten lehenik, eta gerora, zuzenbide pribatuko foruak, udalerrietakoak, ohiturak eta zuzenbide erromatarraren legeak ere erantsi zitzaizkion.
Loturak: >Sobrarbeko Forua; >Foru Murriztua;
Iturria: Harluxet/ Joseba Intxausti