<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Batzar nagusiak
Euskal Herriko administrazio eta politikazko erakunde nagusia, Erdi Aroan sortutakoa, bereziki Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Foru-erregimenak zirauen bitartean, Batzar Nagusien egitekoa hauxe zen oro har: legeak eman eta betearaztea, lege zaharrak biltzea, zergak ezartzea, lurraren eta merkataritzaren antolamendua; kanpoko legeen onarpena ere beren gain zuten. Foruak irakurriz ematen zitzaion hasiera batzarrari. Batzarrei zegokien herrialdeko organo betearazle izango zen Diputaziorako kideak izendatzea, urte osorako aurrekontuak zehaztea, herritarren kexuei erantzutea eta foru-baimena ematea edo ukatzea. Bigarren Gerra Karlistan Foru-erregimena desagertzearekin batera galdu ziren Batzar Nagusiak hiru herrialdeetan (1876).
Araba: Arriagako kofradia desagertu (1332) eta ermandadeak eratu zirenean sortu ziren Batzar Nagusiak. Urtean bitan biltzen ziren: maiatzean lur zabalean eta azaroan Gasteizen. Diputatu nagusia buru zutela, ermandadeko prokuradoreek eta hiribilduetako eta lur zabaletako idazkariek osatzen zituzten Batzarrak. Agintariak hautatu, soldatak eta isunak ezarri, osasuna, polizia eta segurtasunaz arduratu, diputatuen jarrera epaitu, foruak babestu eta probintziaren antolaketaz arduratzea beraien esku zegoen.
Bizkaia: XIV. mendearen hasieran sortu ziren Bizkaiko Batzar Nagusiak. Elizate eta hiribilduek hartzen zuten parte; Enkartazioak eta Durangoko merindadeak ez zeuden joatera behartuta, zuzenean zegozkien gaietarako izan ezean. XV. mendetik aurrera Gernikan biltzen ziren bi urtez behin, erregearen ordezkari zen korregidorea buru zutela.
Gipuzkoa: XIV. mendekoak dira Gipuzkoako Batzar Nagusien lehen aipamenak; probintziako herri eta bailara guztietako prokuradoreek hartzen zuten parte, korregidorea buru zutela (Oņatiko konderria aparte geratzen zen). XV. mendeaz geroztik urtean behin biltzen ziren, ordezkaria bidaltzeko eskubidea zuen herriren batean.
Lapurdi: antzeko erakunde politikoa eduki zuen, Biltzar izenekoa, Ustaritzen egiten zena, eta Iraultza Frantsesa arte iraun zuena (1789). Herrialde bakoitzeko Batzar Nagusien osaketa, ahalmenak eta funtzionamendua desberdin samarrak ziren, hala ere.
Espainiako 1978ko konstituzioa onartu ondoren Batzarrak berrezarri egin ziren. Herritarren zuzeneko botazioz aukeratzen dira batzarkideak lau urtez behin. Egungo Batzarrek eta horiek aukeratzen duten Diputazioak ez dute lehengoek adinako botererik; Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak bereganatu dituzte lehen Batzar Nagusien eta Diputazioaren eskumeneko ziren gai asko; EAEn Herrialde Historikoen Legeak ezarri zituen Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren eskumen-banaketaren oinarriak.
I: Harluxet