<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Borboien leinua

Frantziako noble-, printze- eta errege-dinastia; Nafarroa, Frantzia, Napoli eta Parmako dukerrian erreinatu zuen eta Espainian erreinatzen du XVIII. mendeaz gero. Borboiko lehen etxea (Borboi-l'Archambault). Frantziako Bourbon-l'Archambault herrian zegoen jauregia eta hortik datorkio izena. X. mendean Frantziako erregearen basailu bilakatu ziren. Borboiko bigarren etxea (Borboi-Dampierre). Gui Dampierrek jaurerria ezkontzaren bidez bereganatzean fundatu zuen (1197). Borboiko hirugarren etxea (kapetarra). Frantziako Luis IX.aren seme Robertok, Clermont-eko kondeak, Borboiko lehen etxeko ondorengoa zen Beatriz Borboikoarekin ezkonduta fundatu zuen (1272). Robertoren seme Luis I.a Handia, Borboiko pare eta duke izendatu zuten (1327).

Ezkontza-politika erabiliz, Borboiko dukeek printzerri garrantzitsua eratu zuten Frantziako erdialdean. Borboiko hirugarren etxetik hiru azpiadar sortu ziren: Borboi-Busset, Borboi-Montpensier eta Borboi-Marche. Azken honi eman zion Frantziako Frantzisko I.ak Borboiko dukearen titulua, adar nagusia galdu zenean. Antonio Borboikoaren bidez Nafarroa Beherean erreinatu zuen dinastia honek Nafarroako Errege tituluaz (1555). Antonioren semeak, Enrike III.a Nafarroakoa eta IV.a Frantziakoak, bi tituluak eta bi lurraldeak -Nafarroa Beherea eta Frantzia- batu zituen. Azken horren semeak, Luis II.ak, (Frantziako XIII.a) bi seme izan zituen: Luis III.a (Frantziako XIV.a) eta Felipe I.a. Nafarroako Luis III.a izan zen, Iraultza Frantsesaren aurretik eta ondoren erreinatu zuen adarraren lehen erregea. Adar frantses hau 1883an desagertu zen.

Felipe I.a Orléansko dukearen ondorengoak Orléans, Montpensier eta Orléans-Bragantzako adarrak izan ziren. Luis III.aren biloba, Felipe Anjouko dukea (Felipe V.a), Espainiako errege izan zen. Horrek adar espainolari hasiera eman zion eta Bigarren Errepublikara arte erreinatu zuen (1931), Lehenengo Errepublika eta Savoiako etxeko erregeen garaian izan ezik (1868-75). Franco jeneral diktadorea hil zenean (1975), Espainian monarkia berrezarri zen Borboiko etxeko Joan Karlos I.arekin.

Karlos III.a Espainiako erregearen seme Fernando I. Bi Sizilietakoak eman zion hasiera Napolin 1860ra arte erreinatu zuen adarrari (Borboi-Sizilia) eta Espainiako borboiek sortutako Parmako dukerriari Felipe V.aren semeak eman zion hasiera eta 1859ra arte iraun zuen.

Loturak: Condé etxea

Iturria: Harluxet