Luis III. Nafarroakoa eta XIV.a Frantziakoa
Handia edo Eguzki-erregea
Luis XIV.a Handia errege borboia Saint-Germain-en-Laye herrian jaio zen 1638an eta Versailles-en hil zen 1715ean. Nafarroako XXXVII. eta Frantziako erregea (1643-1715), Ana Austriakoaren eta Luis II.aren semea eta ondorengoa.
Bere ama Ana Austriakoa eta Mazarin kardinala izan ziren haren erregeordeak adin nagusira iritsi bitartean. Amak hezi zuen absolutismoaren ideologian eta Parisko hiriaren beldur. Adin-nagusitasuna lortu zuenean (1651), Mazarinen eraginpean segitu zuen. Westfaliako hitzarmenean (1648) Alsazia frantziako koroapean geratu zen eta Pirineoko Itunaren bidez (Faisaien uhartea, 1659) Gaztelako Felipe IV.aren alaba Maria Teresa Austriakoarekin ezkondu zen (1660). Neurri handi batean Pirineoetako muga zehaztu ondoren, Luis XIV.ak Nafarroa Garaiari uko egin zion eta Roselló Frantziako erresuman geratu zen. Mazarin hil ondoren, erabateko errege bilakatu zen. Bere erresuma indartzeko, laguntzaile onenak aukeratu zituen.
Barruan, neurri gero eta zentralistagoak ezarri zituen Zuberoako eta Nafarroa Behereko foruari zegozkion eskubideak murriztu zituen (herriak zuzenean aukeraturiko ordezkarien aginte maila ezabatu, gehiegizko zergak ezarri...); gainera, herri lurrak nobleen artean banatzeko joera ezarri zuen. Bernard Goienetxe "Matalas" aurka altxa zen. Kanpoan, berriz, Frantziaren nagusitasuna ezarri nahi izan zuen eta bere erregealdiaren ezaugarri nagusia gerra ugari izan zen (Espainiaren aurkako Herbehereetako gerra, Holandako gerra, Augsburg-eko ligaren gerra eta Espainiako Ondorengotza-gerra). Hainbeste gerrek barne-krisiak sortu zituzten. Utrech (1713) eta Rastatt (1714) itunen bidez, bere biloba Felipe Anjoukoa, Felipe V.a, Espainiako errege izendatzea lortu zuen. Batasun erlijiosoa lortzeko jansenismoaren aurka gogor borrokatu zen.
Loturak: Frondeko matxinada; Joannot Haraneder; Itzulketa-gerra; Frantzisko Louvoiskoa; Luis Dofin Handia; Françoise Maitenongoa; >Lore jokoak; Orléansko dukea; Orléansko dukea, Felipe II.a;
Iturria: Elhuyar/ Lur