Enrike III.a "Biarnotarra" Nafarroakoa eta IV.a Frantziakoa
Enrike III.a Pauen jaio zen 1553an eta Parisen hil zen 1610ean. Nafarroako XXXV. erregea (1572 - 1610) eta Frantziako erregea Enrike IV.a izenaz (1589 - 1610), "Handia" eta "Biarnotarra" ere deitua. Joana III.a Albretekoaren eta Antonio Borboikoaren semea.
1562an, aita Antonio Borboikoa hil zenean, bere ama Joana erreginarekin batera agindu zuen Nafarroan. Amaren eskutik protestantismoan hezi zen eta 15 urte besterik ez zituela Frantzia aldeko higanoteen buruzagi nagusia zen. Saint-Germain-en-Layeko bakearen ondoren, protestanteen eskubideak aitortzen zituen ituna (1570), Karlos IX. erregearen arreba katolikoa Margarita Valoiskoarekin ezkondu zen, Parisen San Bartolome gauean katolikoek egindako sarraskia baino zortzi egun lehenago (1572ko abuztuaren 16an). Gau hartan, abuztuaren 24a, Enrike Nafarroakoak fede protestantea ukatu behar izan zuen bizitza salbatzeko. Preso eduki zuten, baina, 1576an Nafarroa eta Biarnoko lurraldeetara ihes egin ahal izan zuen. Katoliko fedea bazter utzita, higanoten buruzagi nagusi bihurtu zen berriro, eta Enrike III.a Frantziakoarekin, protestanteen aldeko Monsieur-en Bake Ituna sinatu zuen (1576).
1584an, Enrike Frantziakoa oinordeko zuzenik gabe gelditu zen eta Enrike Nafarroakoa erregegai bihurtu zen. Enrike III.a Nafarroakoak bere arreba, Katalina Borbongoa, Pauen erregeorde utzi eta Parisko gortera jo zuen. Katoliko frantsesek Enrike Guisekoa buru zutela, Felipe II.a Espainiako erregeak eta Erromako aita santuak ez zuten hori onartu eta "Hiru erregeen gerra" piztu zen (Enrike III.a Frantziako erregea; Enrike Guisakoa, Liga Katolikoko buruzagia eta Enrike III.a Nafarroakoa, higanoten buruzagia). Enrike Frantziakoak Enrike Guisakoa hilarazi (1588) eta 1589an Nafarroakoa bere ondorengoa izendatu zuen; baina, Enrike Nafarroakoak, Frantziako Enrike IV.a izena hartuta, erresuma konkistatu egin behar izan zuen.
Jacques Clément monjeak labankadaz hil zuen Enrike III.a Frantziako erregea (1589). Ondoren, katoliko frantsesak errege berriaren kontra altxatu ziren Gaztelako Felipe II.aren laguntzaz. Enrike Nafarroakoak Arques (1589) eta Ivryn-en (1590) katolikoei irabazi ondoren, katolizismora berriro aldatu (1593) eta 1594 Parisen ohore handiz sartu zen. Protestante eta katolikoen arteko gerra 1596an amaitu zen eta Vervins-ko itunaz Espainiarekiko bakea eta Nantes Ediktuaren bidez (1598), erlijio-tolerantzia ziurtatu zuen Frantziaren koroaren menpeko lurralde guztietan (alegiak jarri du bere ahotan "Merezi du Parisek meza bat" esaldi ospetsua). 1599an Margarita Valoisengandik bereiztu, eta hurrengo urtean, Toscanako dukearen alaba Maria Medicikoarekin ezkondu zen (1600).
1607an Enrike III.ak Nafarroa Beherea Frantziako koroapean ezarri zuen, beraren administrazio sistema errespetatuz. 1609an, Pierre Lancre Frantziako epailea Lapurdira bidali zuen sorginkeria ikertzera. Enrike III.ak Nafarroa Beherea Frantziari lotzen saiatu zen, baina, betiko lotura Luis XIII.ak burutu zuen (1620). Enrikek erreinua bakean gobernatu nahi izan zuen bere azken urtetan, Frantzian erret boterea sendotu eta estatuaren berrantolaketari ekin zion. Bere erregealdiaren azkenaldian, Inperio habsburgtarren eta Espainiako austriarren aliantzaren beldur, Alemaniako protestanteekin aliatu zen eta bi haien kontra gerra prestatzen hasi zen. Frantsesek ez zuten ondo hartu asmo hura eta arerioek, Maria Medici-koa erregina tarteko, egoera horretaz baliatu ziren erregea hiltzeko. 1610eko maiatzaren 14an, François Ravaillac izeneko katolikoak labankadaz hil zuen Parisko Ferronnerie kalean.
>Henry III of Navarre and IV of France
Loturak: >Isabel Borboikoa; >Mornay, Philippe; >Sullyko dukea; >Alesandro Farnesio;
Iturria: Elhuyar/ Lur Entziklopedia