Luis II.a Nafarroakoa eta XIII.a Frantziakoa
Luis XIII.a fontainebleau-n jaio zen 1601ean eta Saint-Germain-en-Laye herrian hil 1643an. Nafarroako XXXVI. eta Frantziako erregea (1610-1643). Maria Medici-koaren eta Enrike IV.aren (Nafarroako Enrike III.) semea eta ondorengoa. Espainiako Felipe III.aren alaba Ana Austriakoarekin ezkondu zen (1615).
Bere amaren erregeordetzapean agindu zuen, baina, amak boterea Concini-ren esku utzi zuen. Erregeak eraginda Concini hil egin zuten (1617); Charles Luynes-ko dukea ordezko izendatu zuten eta horrek noblezia eta protestanteen aurka borroka egin zuen, Montaubango setioa, 1621. Luynes bertan hil zen eta erregeak Richelieu-ren aholku guztiei jaramon egiten hasi zen. 1624an Richelieu ministro izendatu zuen, eta urte berean, Iruriko kondea erregearen agindutara jarri zen hark sortutako Errege-Zaintzarako arma taldean Mosketari. Erregeak eta Richelieu ministroak errege-boterea ezartzeko lan egin zuten, baina Frantzia Hogeita hamar Urteko gerran sartzeak (1635), herriaren miseria ekarri zuen eta nekazarien erreboltak piztu ziren.
Bi alderdi nagusitu ziren Frantziako politikan: batetik, katolikoek Espainiarekiko hitzarmenak landu nahi zituzten; eta bestetik, protestanteek Frantziako handitasuna beren molde erlijiosoen bidetik bilatu nahi zuten. 1620an erregeak Frantziako koroapean jarri zuen Nafarroako erresuma eta 1639an erregearen eskupeko lurrak saltzeko edo besterentzeko ediktua eman zuen. Frantziako monarkiak jauntxoen aginpidea indartu nahi izan zuen horrekin eta, handik urtebetera (1640), Zuberoan lur desjabetze handiak izan ziren. Auzo lurrak, edo komunalak, erregearen menpekoak zirelakoan, salgai jarri zituzten. Ondorengo erregea bere seme Luis XIV.a izango zen.
Loturak: Orléansko dukea, Felipe II.a;
Iturria: Elhuyar/ Lur