Luis IX.a Frantziakoa (San Luis)

Luis IX.a Poissy-n jaio zen 1214an g.gb. eta Tunis-en hil 1270ean. Frantziako erregea (1226 - 1270). Luis VIII.aren eta Blanka Gaztelakoaren semea. Bere amaren erregeordetzapean erregetu zuten (1226 - 1236) eta garai horretan baroien altxamendua zapaldu zuen. Parisko Itunaren bidez albitarren aurkako gerra amaiarazi zuen (1229) eta Margarita Probentzakoarekin ezkondu zen (1234).

1234an, adin nagusira iritsita, erregearen aurkako liga sortu zuten Ingalaterraren laguntzarekin, baina Luis IX.ak deuseztatu egin zuen. Gatazka hori beste Parisko Itunarekin (1259) amaitu zen eta erregeak Normandia, Anjou, Maine eta Poitou eskuratu zituen Enrike III.a Ingalaterrako erregearengandik. Egiptoko sultanari Palestina irabazteko zazpigarren gurutzadaldia antolatu zuen (1248 - 1254), baina preso hartu zuten (1250).

Askatu ondoren, Frantziara itzuli zen; estatuak berrantolatu, erret boterea indartu eta justizia berritu zuen. Tunisko subiranoak erlijioz aldarazi nahi izan zuen eta Egiptori erasotzeko Tunis abiapuntu gisa erabili ahal izateko Nafarroako Teobaldo II.a lagun, zortzigarren gurutzadaldiari hasiera eman zion (1270), baina, Kartago aurrean hil egin zuten.

Loturak: Aragoiko Jaime I.aKarlos I.a Anjoukoa

Iturria: Elhuyar