Lizarrakoa, lehen Autonomi Estatutua
Lehen pausoak eman ziren 1917 - 1919 bitartean. Primo de Rivera-ren diktadurapean ere (1923 - 1930), lau Diputazioek diktadoreari autonomia eskatu zioten, baina Primo de Riverak ez zuen erantzun ere egin. Bigarren errepublika jaiotzeaz batera (1931ko apirilaren 14tik 1939ko martxoaren 1era) autonomiaren aldeko mugimendua berpiztu egin zen. Udaletan hasi zen mugimendua, udalak baitziren, diktadura ondoren, sufragio unibertsalez hautatutako instituzio bakarrak. Eusko Ikaskuntzaren 1930eko batzarretik sortutako batzordeak autonomi proiektua landu zuen eta 1931ko martxoan proiektua egunkarietan argitaratu zen. Errioxako Ganbarak ere prozesuan parte hartzeko nahia azaldu zuen. Eusko Ikaskuntzaren arabera, lau probintziak Estatu Espainolaren barneko estatu autonomo gisa antolatuko ziren eta euskara hizkuntza ofiziala izango zen, gaztelaniarekin batera. Alkateen mugimenduak udalen asanblearako deia egin zuen Iruņera. Ekainaren 14an Iruņean karlisten mitina zegoela-eta asanblea Lizarran egin zen. Gehiengo errepublikarra eta sozialista zuten udalak ez ziren joan, halere, Eusko Ikaskuntzaren proiektua ia eztabaidarik gabe onartu zen, baina, zenbait atal berri erantsi zitzaizkion. Han onartutakoari "Lizarrako Estatutua" izena eman zaio geroztik.
Ekaineko hauteskunde orokorretan hautatutako euskal diputatuek, 420 alkate ordezkatzen zituen batzorde batek lagunduta, Lizarrako estatutua Espainiako Gorteetara eraman zuten. Proiektua eztabaidatu aurretik, Espainiako Gorteek konstituzio berria prestatu zuten, urritik abendura bitartean. Konstituzioak beste baldintza batzuk ezarri zituen autonomi estatutuetarako. Ondorioz, Lizarrakoa egokitu beharra zegoen. Proiektu berria idazteko batzorde bat osatu zen, Diputazioen ordezkoak ziren Batzorde Gestoren lau ordezkariz eta udalen batzordeko hiru ordezkariz osatua. 1932ko urtarrilean lau probintzietako bakoitzean udalen asanblea egin zen eta lauetan Hego Euskal Herriko estatutu bakar bat egitearen aldeko botoa eman zen: 549 udaletatik 423k alde. Ondorioz, batzordeak estatutu-proiektu berria prestatu eta martxoan aurkeztu zuen. Proiektu berria, konpetentziei zegokienean, Lizarrakoa baino murritzagoa bazen ere, oro har zehatzago eta osoagoa zen. Alderdi politiko abertzaleak, errepublikarrak eta sozialistak alde zeuden eta tradizionalistak aurka. Karlistek, hasieran alde bazeuden ere, 1931tik aurrera estatutuaren aldeko frontea pixkanaka-pixkanaka utzi egin zuten. Azken urratsa, lau probintzietako Udalen Asanblea izan zen. 1932ko ekainaren 19an bildu ziren Iruņean. Iruņeko Asanblean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalen gehiengoak aldeko botoa eman zuen, baina Nafarroakoen gehiengoak aurkakoa. Nafarroa estatutu-prozesutik kanpo geratu zen.
Irailean Kataluniako estatutua onartu zen eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Diputazioek estatutua prestatzeari berrekin zioten, hiru probintzietara egokitua. 1933ko abuztuaren 6an, hiru probintzietako udalek proiektua onartu ondoren, azaroaren 5ean erreferenduma egin zen, emaitza: aldeko botoak 459.255 eta aurkakoak 14.196. Abenduan proiektua Espainiako Gorteetan aurkeztu zen, baina ordurako, azaroko hauteskunde orokorren ondorioz, Espainian, eskuineko alderdiek gehiengoa zuten. 1934an zehar estatutu-proiektuaren eztabaida behin eta berriro luzatu eta atzeratu zen Madrilen, irteerarik gabeko bidean sartuta. 1936ko hauteskunde orokorrak ezkerreko alderdiek irabazi zituzten, Azaņa zen presidente eta 1933ko proiektua berriro eskuratu zen Gorteetan. Uztailaren hasierarako proiektuaren eztabaida amaituta zegoen. Espainiako Gerra Zibila hasita zegoela, 1937ko urriaren 1ean Gorteek euskal estatutua onartu zuten.
Loturak: Ramon Madariaga;
Iturria: Elhuyar