<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

ETA (Euskadi Ta Askatasuna)

Euskal Herriko erakunde armatu abertzalea, EGI eta Ekin taldeak EAJrekiko harremanak hautsitakoan sortua (1958). I. biltzarra egin bitartean, Ekin-ek hartutako bideari jarraitu zitzaion: euskararen aldeko lanak, euskaldunon identitate-ezaugarriak berreskuratzeko saioak, kultur ekintzak bultzatu, euskal giro sozio-kulturala indartzea, etab. 1961ean egin zituen lehen atentatuak: uztailaren 18an Madrildik frankistaz beterik zetorren tren bat burdinbidetik ateratzen saiatu zen, huts egin bazuen ere. I. biltzarrean (1962), ETAk nazio-askapenerako euskal mugimendu iraultzaile gisa definitu zuen bere burua. Hasierako zuzendaritza Txillardegi, Irigarai, Lopez Dorronsoro, J. Benito Del Valle, J. Manuel Agirre, Patxi Iturrioz eta Julen Madariagak osatutako taldearen esku zegoen. Fronte desberdinetan egituratu zen: politikoa, kulturala, langile-frontea eta militarra.

II. biltzarraren ondoren (1963), zuzeneko eta sabotaje-ekintzak ugaritzen hasi zen: ikurrinak jarri, dinamita lapurtu, salatariak beldurrarazi, etab. Militante asko atxilotu zituzten eta beste hainbatek Iparraldera ihes egin behar izan zuen. 1964ean EGIko hainbat militante ETAn sartu zen.

III. biltzarrean (1964), gerra iraultzailearen kontzeptua garatu zuen ETAk, garai hartan Hirugarren Munduan gori-gori zegoen nazionalismo berriak eraginda.

IV. biltzarraren ondoren (1965) joera marxistak garatzen hasi ziren. Bi jarrera nagusitu ziren taldean: klase-borroka orokorra zela eta Euskal Herriaren aldeko borroka bigarren mailakoa zela uste zutenena eta lehentasuna nazio-askapenari ematen ziotenena.

V. biltzarrean (1966-67), ETA erdibitu egin zen: ETA Zarra eta ETA Berri jaio ziren. ETA Berriko kideek Komunistak izena hartu zuten eta Espainiako Mugimendu Komunista (EMK) izango zena osatu zuten. ETA Zarrak nazio-askapenerako mugimendu sozialista gisa definitu zuen bere burua eta borroka armatuari ekin zion berriro. Tolosa inguruan ezarritako kontrol batean poliziak Etxebarrieta etakidea hil zuen; ETAk armak erabili zituen lehenengo ekintza eta poliziak hildako ETAko lehenengo kidea izan zen (1968-VI-7). Hilketa honi erantzunez, Melitón Manzanas polizi inspektorea hil zuen ETAk (1968-VIII-2); ETAk hildako lehena izan zen. Espainiako gobernuaren errepresioa bortitza izan zen. ETAko buruzagi gehienak atxilotuta edo ihes eginda zeuden eta ekintza guztiak eten egin ziren. Garai hartan, apaizgaitegietan ikasitako asko sartu zen ETAn. Honek aldaketa ekarri zuen ETA barruan; jarrera troskista indartu egin zen.

VI. biltzarra egin zen giro horretan (1970eko abuztua). ETA berriro erdibitu zen: gehiengoa, ETA VI.a izenaz, troskista zen; besteak, ETA V.a, aurreko biltzarreko ildoari atxikiak. Burgosko prozesua ere orduan izan zen (1970). Oso egoera nahasia bizi zuen ETAk: buruzagiak atxilotuta zeuden eta barne-egiturarik ez zegoen. ETA VI.a Liga Komunista Iraultzailean sartu zen (1972). ETA V.aren inguruan berregituratu zen. Eustakio Mendizabal "Txikia" jarri zuten fronte militarreko buru. Militarrak gainerako fronteak gainditu zituen; jarduera politikoa ahuldu egin zen eta ekintza armatuak ugaritu: Algortan poliziak "Txikia" hil zuen (1973-IV-19), baina ETAk Madrilen Espainiako gobernuko lehendakari zen Carrero Blanco hil zuen (1973-XII-20). "Txikia" hilda, ETAren barne-kohesioa apurtu egin zen: langile-frontea eta militarra aurrez aurre zeuden. Langile-fronteak ETAtik irten eta LAIA sortu zuen. Fronte militarraren erantzuna LAB sindikatua sortzea izan zen.

Ideologi eta antolakuntza-arazoengatik berriro zatitu zen ETA (1974): ETA militarra (ETA m), ekintza armatu hutsen aldekoa, eta ETA politiko-militarra (ETA pm), ekintza armatuak beste zenbait ekintza politikorekin uztartzearen aldekoa. ETA pm, Eduardo Moreno Bergaretxe "Pertur"-en gidaritzapean geratu zen. ETA m-ak atentatuak egiten segitu zuen. Espainiako gobernuak gogor erantzun zuen: salbuespen-egoera, kontrolak, talde parapolizialak errefuxiatu eta presoen familiartekoen kontrako atentatuak hasi ziren. Franko hilzorian zegoela-eta haren aginduz Anjel Otaegi eta Joan Paredes Manot "Txiki" ETAko kideak eta FRAP-eko hiru kide, gerra-kontseilua egin ondoren, fusilatu egin zituzten (1975-IX-27). ETA pm-ren inguruan mugimendu handia izan zen urte hartan: ETAren inguruko ezker abertzaleko taldeak biltzeko (LAIA, LAB, EHAS, LAK), KAS sortu zen. ETA m ez zen KASen sartu.

Franco hil ondoren, ETA eta Espainiako gobernuaren arteko elkarrizketak izan ziren (1976) eta ETA pm-ak amnistia eta zenbait baldintzaren truke su-etena eskaini zuen (1977). Amnistiaren ondoren ETA pm-ak KASetik irten eta EIA alderdiaren politikaren inguruan jardun zuen. Gernikako Estatutuaren ondoren ere (1979), ETA pm-ak borroka armatuari eutsi zion. Bitartean, ETA m-ak Espainiako polizia eta militarren aurkako atentatuak egin zituen. Espainiako zenbait militarrek egindako estatu-kolpe saioaren ondoren (1981), ETA pm-ak su-etena eman zuen eta, presoen askatasuna Espainiako gobernuarekin negoziatu ondoren, desegin egin zen (1982). ETA m-ak, berriz, erreformaren kontrako jarrerari eutsi zion, Espainiako erregimen berriari etengabe erasoz, batez ere polizia eta militarren aurkako atentatuak eginez eta zenbait borroka sozialetan ere ekintza armatuak eginez: Lemoizko zentraleko injineru nagusia hil zuen (1981). Bien bitartean, indartuak ziren errefuxiatu eta ezker abertzalearen ingurukoen aurkako eraso parapolizialak ("Batallón Vasco-Español" 1978-82 artean, GAL 1983-87 artean, etab.).

1984az geroztik Espainiako gobernuak Euskal Herriratzea eskaini zien ordurako borroka armatuarekin ados ez zeuden hainbat etakide ohiri. Eskaintza onartu zuen Maria Dolores Gonzalez Katarain "Yoyes" hil zuen ETA m-ak (1986). 1987-89 bitartean, ETA eta Espainiako gobernuaren artean isilpeko elkarrizketa-negoziazioak burutu ziren (Aljerko elkarrizketak), baina bertan behera geratu ziren. Euskal Autonomi Elkarteko alderdi politiko nagusiek, Herri Batasunak (HB) izan ezik, ETAren kontrako hitzarmena sinatu zuten (Ajuria-Eneako hitzarmena, 1988). ETAren Frantzia eta Espainiako gobernuen lankidetzak ETAren azpiegitura eta operatibitatea ahuldu egin dute 1990az geroztik; hala ere, haren ekintza armatuak ez dira geratu eta eraso-esparrua zabalagoa da inoiz baino (segurtasun-indarrak, politikariak, hiritar arruntak). Egun, 600 etakide edo ETAko laguntzaile inguru preso daude Espainia eta Frantziako kartzeletan sakabanatuta eta errefuxiatu eta deportatu asko Frantzia, Erdialdeko Amerika, Hego Amerika eta Afrikan. Bestalde, gero eta ugariagoak dira gizarteko hainbat sailetan antolaturiko bakearen aldeko taldeak, joera eta taktika desberdinetatik, gatazka armatu luzeari irtenbidea ematearen aldekoak.

Loturak: >Jokin Gorostidi; >Itsasuko Gutuna; >Txomin Iturbe; >Xabier Izko de la Iglesia; >Komando Autonomo Antikapitalistak (KAA); >Federiko Krutwing; >Piarres Lartzabal; >Roberto Lertxundi; >Frantzisko Letamendia; >Monzon, Telesforo; >Onaindia Natxiondo, Mario;  >Segoviako ihesa; >Unzeta-Barrenetxea, Augusto

Iturria: Harluxet