Katalina I.a Nafarroakoa
Katalina I.a Nafarroakoa 1470ean jaio zen, ez dakigu non eta Frantzian, Mont-de-Marsans, hil 1517an. Nafarroako XXXII. erregina (1483 eta 1513-1517). Gaston Bianako Printzearen eta Frantziako Madalenaren alaba. Joan III.a Albretekoarekin ezkondu (Leskar, 1486) eta hamalau seme alaba izan zituzten. Foix, Bigorra, Ribagortza eta Biarnoko kondesa.
Frantzisko Febo anaia hildakoan erregetu zuten Katalina; bere agintaldian agramondarren eta beaumondarren anaiarteko borrokak gero eta ugariago izan ziren. Bere osaba Joan Foix-koak Frantziako lege salikoan oinarriturik tronutik kendu nahi izan zuen eta Parisko parlamentura jo zuen. Katalina eta bere senar Joan III.a erregetu zirenean bandoen arteko borroka areagotu zen (1491). Bere agintaldian erresumaren administrazioaren birmoldaketa eta modernizazioaren alde jokatu zuten; horretarako errege kontseiluan, gorteetan eta ganbaran hainbat aldaketa ezarriz. Baina nobleak eta beaumondarrak, Frantziako eta Gaztelako erregeen laguntzaz, aurka izan zituen, eta erregeen hainbat proiektu zapuztu zuten.
Leringo II.en kondea, Luis Beaumontekoa, gaztelarren alde izanik ez zuen Katalinaren ezkontza onartu 1494a arte. Kondeak Nafarroan zituen eskubideen truke Gaztelako eta Aragoiko erregeek Andaluzian eman zien lur batzuk. Nafarroako erreginak orduan, Beaumontarren jabetzak bahituan hartu eta erreinutik kanporatzeko agindua eman zuen. Sei urte lehenago Gaztela eta Aragoiko erregeek egin bezala Katalinak juduak kanporatu egin zituen (1498). Aragoi-Gaztelako errege-erreginaren eraginez, ordea, Leringo kondeari berriro barkamena eman zion (1500). Esker ona izan aitzitik, Leringo kondea Gaztelako eta Aragoiko erregeen zerbitzura eta Nafarroaren kontra jardun zuen. Hura hil zenean (1508) bere semea Luis Beaumont Leringo III. kondeak bide beretik jardun zuen. 1509an, Bordeleko parlamentuak Katalina I.ak Nafarroatik kanpo zituen jabetza guztiak beretzat hartzeko agindua eman zuen, baina agindua ez zen gauzatu.
Aragoiko Fernando II.ak gerra egin zien Nafarroa eta Frantziako erresumei (1512). Fadrike Alvarez Albako dukeak, Leringo kondearen laguntzarekin, Nafarroa Garaia eta Beherea inbaditu zituen eta Joan eta Katalinak Nafarroa Beherera ihes egin behar izan zuten Biarnorako erbesteratzean errege-erreginek nafar nobleen laguntza izan zuten, besteak beste, Pedro Mariskala, Alonso Peraltako kondestablea, Joan Jasokoa eta abar. Urtebete beranduago Nafarroako Gorteek Fernando II.a Inkisiziokoa edo Katolikoa errege izendatu behar izan zuten. Handik aurrera, armada Frantziarren laguntzaz Nafarroa birkonkistatzeko egindako ahaleginak ez zuten aurrera egin eta Nafarroa Behereko errege-erreginak baino ez ziren izan. Gaztelako Errege Katolikoen eraginez Erromako aita santuak Katalina eskomikatu egin zuen "Pastor ille caelestis" izeneko bulda baten bidez, horrela gaztelarrak Nafarroa Garaia anexionatzeko egindako sarraskia ontzat eman eta bedeinkatu zuen. Katalina hil zenean (1517 - II - 12), bere seme Enrike II.a Albretekoa Nafarroako errege titular bilakatu zen.
Loturak: Foru murriztua;
Iturria : Elhuyar/ Lur/ Auņamendi