Pedro Nafarroakoa
Pedro Nafarroako mariskala ez dakigu non eta noiz jaio zen eta Simancas-eko kartzelan hil zuten torturatua,1522an. Bere aita agramondarren buru zen eta Luis Beaumontekoak hil zuen, beaumondarrak Iruņea setiatu zuten ekintzan (1471). Pedro izan zen agramondarren ondorengo buru.
Frantzisko I.a Febo Nafarroako erregeak zaldun izendatu zuen (1481) eta geroztik Nafarroako erregeen zerbitzari leial izan zen. Gaztelarrek Nafarroako erresuma inbadi ez zezaten, Fernando Katolikoarekin harremanetan jarri zen. Albako dukearen osteak Nafarroa Garaia eta Beherea inbaditu zuenean, Joan III.a Albret eta Katalina I.a errege-erreginei Orthesera eta Pauera lagundu zien (1512); erregeak Nafarroako birkonkista prestatu zuenean, berak ere parte hartu zuen (1516). Erronkari aldetik sartzen saiatu zen, baina Hernando de Villalvaren tropa gaztelarrek preso hartu zuten 1516ko martxoaren 23an.
Pedro Nafarroakoak leialtasun zina egin zuen Nafarroako erregearen alde Iruņeko katedralean eta ez zion inoiz leialtasunik agindu Fernando Katolikoari, ezta ere Gaztelako beste erregeei. Cisneros Kardinalak Atienzako gotorlekura eraman zuen eta bi urte geroago Diego de Hurtado-k Karlos I eta V. enperadorearen izenean barkamena eta ondasunak berreskuratzea agindu zion enperadoreari men eginez gero. Pedroren erantzuna zehatza izan zen, honela erantzun zion: "Berriro erregutzen dut Maiestatea, apaltasun osoz, erakuts dezala nirekiko berorrengandik espero daitekeen eskuzabaltasuna, utz nazala libre erabat eta baimendu nazala zerbitzari naizen harengana itzultzeko. Gorentasun horrek bere menpekoengandik nahi eta estimatzen duen leialtasun eta garbitasun hori, nik, nireenganako gordeko dut; kontrakoan berorren zerbitzura gatibu eta esklabo izango naiz."
Simancas-ko kartzelara eraman zuten eta tratu txar asko jasan ondoren, lepoa bihurrituta hil egin zuten, 1522ko azaroaren 24an.
Iturria: Elhuyar/ La Navarra maritima