Nafarroa Garaia eta Behereko konkista
Aurrekariak
1512ko hastapenetan Frantziako Luis XII.aren eta Aragoiko Fernando II.aren arteko gerra piztu zen. Gaztelan, Joana Eroa zen erregina titularra, nahiz eta honen eroaldia zela-eta bere aita Fernando II.ak gobernatu, ordurako Foixko Germanarekin ezkondua zegoena. Argi zegoen bi erresumek helburu bera zutela: Pirinioetako zeharbideak kontrolatu eta, bide batez, Nafarroako erresumatik geratzen zena inbaditu.
Nafarroako erresuma oso egoera ahulean zegoen militar arloan eta ez zuen aliatu indartsurik diplomazia munduan. Fernando batetik eta Ingalaterrako erregeak, Guyenna lurraldeko interesak zirela, bestetik, elkarrekin hartuta frantziarren kontra egin zuten hitzarmena. Nafarrak ere frantziarren beldur ziren eta ongi zetorkien Fernandok frantziarren kontra proposatzen zuen batasunak, baina, Aragoi-Gaztelako erresumaren asmoak Nafarroa haien pean jartzea zen.
Alde guztiak hazi ziren gudua prestatzen. Horrela, Ingelesak Southamptom-en itsasoratu eta Pasaian lehorreratu ziren Sir Thomas Grey-ren agindupean. Oste ingelesak Lapurdi zuten helburu, handik, Ehun Urteko Gerran galdutako Guyena berreskuratzeko asmoz. Gaztelar osteak. berriz, Gipuzkoan bildu ziren Bizkaia eta Gipuzkoako jende armatuarekin (Bizkaia eta Gipuzkoa 1200. geroztik Gaztelarren pean zegoen). Aurretik, 1503 inguruan, Arabako Ermandadeak antolatzeko eta hornitzeko eta 1200 mertzenario-jende armatzeko agindua zuen. 1512ko udaberrian, Fernandok agindu zuen Gipuzkoa eta Lapurdiko mugara arma, munizio eta artileria bidaltzea eta Gaztelako osteak etorrera prestatzeko haragia, ardoa eta garia Gasteizera eramatea. 1512ko uztailaren 3an, Gasteizko ordezkariak Albako dukeari "ongi etorria" ematera atera ziren.
Garai bertsuan, Burgosen, nafarren ordezkaritza zuten Mauleko Labron kontseilariak eta Jaregiçarreko Martin Notarioak Fernando II.a berarekin bi estatuen arteko ituna negoziatzen ari ziren Frantziaren aurka egiteko. Fernandok Lizarra, Donibane Garazi eta Amaiurko gazteluen zaintza eskatzen zuen (horrek, Nafarroaren Ipar-Mendebaldea gaztelarren esku geratzea suposatzen zuen). Fernandok eskaera onartezinak egiten jarraitu zuen eta Frantziako erregearen kontrako gudua atzeratzea lortu zuen.
Aldi berean, 1512ko apiriletik aurrera, Nafarroako beste ordezkaritza bat Bloisen zen Frantziako erregearekin zituzten liskarrak konpontzeko asmoz: Biarnoko estatutua, Albreteko jaurerriaren, Limogesen eta Nemourseko dukerriaren egoera eta, nafar eta biarnotar txanponen truk erabilera. Joan-etorri askoren ondoren, 1512ko uztailaren 17-18an, sinatu ziren adostutako hitzarmenak. P. Boissonnaderen esanetan, hauek sinatzeagatik, Nafarroako erregeek Pirinioetako Iparraldeko jabegoak salbatu zituzten, baina, Nafarroa Garaiko erresuma galdu zuten.
1512ko inbasioa
Fernando inkisidoreak Julio II.ak emandako bula aitzakia hartuta Nafarroa inbaditzen hasi zen. "Pastor ille caelestis" bula hori, ordea, ez zen existitzen, geroztik eginarazia da eta Bartzelonako artxiboan dago jasota. Uztailaren 10ean oste espainiarrak Goizuetan sartu ziren. Hilaren 17an, Fernando II.ak Albako II.a dukeari agindu zion Gasteiztik atera eta Aguraindik barrena Iruñerantz abiatzea. Agurainen bildu zitzaizkion 3.000 gipuzkoar, 2.000 bizkaitar Abendaño eta Butroeko Ahaide Nagusien agindupean eta, Diego Martinez buru zutela 1.000 arabar. Ekialdetik, berriz, Zaragozako artzapezpikuaren agindutara Tarazona eta Erriberritik 3.000 soldadu eta 400 zaldun sartu ziren, Erronkarialdeko ihesbidea mozteko asmoz.
Uztailaren 21ean Etxarri-Aranatz hartu ondoren, Beamonteko Luis buru, Arazuriko ingurura iritsi ziren. Uztailaren 24an sinatu zen Iruñeako kapitulazioa eta Nafarroako Joan II.a Albret eta Katalina I.a errege-erreginak Irunberrin barrena ihes egin zuten Biarnora. Gaztelarrek Santiago eguna aukeratu zuten Iruñan sartzeko. Uztailaren 25a hartan, bandera eta estandarte airean eta Batikanoko ordezkaria aurretik, gaztelarrak eta haien menpeko arabar, bizkaitar eta gipuzkoarrak sartu ziren Nafarroako erresumaren hiriburuan. 1512ko abuztuaren hasieran, Albako dukearen osteak Donibane Garazin sartu ziren.
Kapitulazioa eta Nafarroa Garaiko gainerako herriak
Iruñako kapitulazioan, 1512ko uztailaren 24an, gaztelarrek ongi zaindu zuten bertako agintari eta nobleen interesak zainduko zituztela agertzea. Hiriburuaren eta funtzionari, zein aberatsen, interesak gordeko zirela ziurtatuz Logroñon zegoen Fernandok hiritar nafarrak beamontar eta gaztelarren alde jartzea nahi izan zuten: "privilegios, franquezas y libertades, honores, prominencias, prerrogativas, ferias, exenciones, usos y costumbres que la dicha ciudad tiene, les fuesen observadas y guardadas, a menos de contravención ninguna, quedando siempre la dicha ciudad cabeza del dicho reino de Navarra, y no mudándola en cosa alguna su estado." Honela, hiritarrak lasaitu eta, ondoko honekin, funtzionario eta Nafarroako errege legitimoen alde izan zitezkeen zalantzak uxatzea lortu nahi izan zuten: "Que los ciudadanos y vecinos de ella, así en general como en particular, les valiesen y gozasen de los oficios reales, gracias, mercedes, pensiones, salarios, asientos y acostamientos que tenían conforme a sus títulos y provisiones, usos y costumbres de los llevar y gozar."
1512ko irailaren 21ean, Erromako elizaren laguntzaz Fernandok Inkisizio Sainduaren Tribunala ezarri zuen, honek ehundaka nafar, Zugarramurdikoak dira ezagunenak, sutan bizirik erretzera kondenatu zituen. Arpilatutako nafar elizen ondasunak gaztelar osteen soldatak ordaintzeko erabili ziren.
Nafarroa Garaiko gainontzeko herri garrantzitsuak banan bana erori eta sinatu behar izan zuten antzeko kapitulazioak: Zangoza, Erriberri, Tafalla, Biana, Tutera (irailaren 3an), Lizarra (urriaren 30ean). Nafar herriak erori ziren, baina, ez borroka bortitzetan inbasoreei aurre egin gabe. Bien bitartean oste ingelesak Pasaian jarraitzen zuten, liskarretan sartu gabe eta beren txandaren zain.
Errege faltsarioak Nafarroako funtzionario eta jauntxoen pribilejioak errespetatuko zituela zin egin arren, Iruñako obispo Labriteko Amadeo hil zenean, katedraleko kabildoak Goñiko Remiro hautatu zuen, baina, Fernandok baliorik gabe utzi zuen kalongeen hautua, oso ondo zaindu zuen garrantzizko karguak nafarren eskuetan ez izatea.
Iturria: Manex Goyheneche eta artikuluak