Madalena Frantziakoa
Madalena 1443an jaio zen eta Iruņean hil 1495ean. Bianako printzesa eta Nafarroako erregeordea (1479-81), Karlos VII.a Frantziakoaren eta Maria Anjoukoaren alaba eta Luis XI.a Frantziakoaren arreba. Gaston Foixkoa Bianako printzearekin ezkondu zen (1462); bion seme Frantzisko I.a Febo eta alaba Katalina I.a Nafarroako erregea eta erregina izan ziren hurrenez hurren.
Gastonen ama Leonor I.a erregina hildakoan (1479), Frantzisko I.a Febo erregetu zuten. Honek hamaika urte baino ez zituenez, ama, Madalena, izan zen erregeorde (1479 - 1481). Agramondarren laguntza izan zuen; 30 urtez Nafarroan zirauen gerra zibilari amaiera emateko Agoizko tregua sinatu zuen (1479). Agramondarren eta beaumondarren arteko borrokak baretzearren Fernando II.a Aragoi-Gaztelakoak eta Frantziako Luis XI.ak parte hartu zuten; horri esker Frantzisko I.a Febo erregetu zuten (1481). Frantzisko Febo ustekabean hil zen eta Katalina I.a erregetu bitartean Madalena izan zen berriz ere erregeorde (1483 - I / III). Erregeordeak ustez neutrala zen Alain Albretekoa, Katalina I.aren aitaginarreba izango zena, gobernadore izendatu zuen; baina honek Frantziaren alde egin zuen eta Madalenak Fernando II.arengana hurbildu zen.