Jaso, Joan
Joan Jasokoa, jatorriz Nafarroa Behereko Jatsu herrikoa (1455 - 1515), Arnault Jasoren semea, Maria Azpilikuetarekin ezkondu (1472-03-10) eta Xabierko jauna bihurtu zen. Frantzisko Xabierkoaren aita. Bere ondorengoa Mikel Xabierkoa izango zen.
Bolonian ikasketak egin eta 1470eko azaroaren 16an doktoregoa lortu zuen. Agramondarra izan zen eta kargu garrantzitsuak izan zituen: Nafarroako erret finantzen buru (1472), Gorte Nagusiko alkate (1476) eta Erret Kontseiluko kide (1483). Lehenengo Joan II.a Trastamarakoaren eta gero, Frantzisko I.a Feboren zerbitzari leial izan zen, baina Katalina I.a eta Joan III.a Nafarroakoen erregealdian lortu zuen garrantzi handieneko kargu politikoa. Erret enbaxadore zela (1479), atzerriko politika zuzendu eta Gaztelarekiko bakea mantentzen saiatu zen (1494).
Fernando II.a Inkisiziokoak Nafarroa Garaia eta Beherea inbaditu zuenean (1512) Katalina I.a eta Joan III.rekin Biarnora erbesteratu zen Nafarroako Pedrorekin batera. 1513ko Nafarroako Gorteetan Fernandok barkamena eskaini zien bere alde egin ez zuten agramondarrei. Joan, Nafarroa Garaira itzuli eta Erret Kontseilari izaten segitu zuen. Nafarroako erregeei buruz liburu bat idatzi zuen: "Relación de la descendencia de los Reyes de Navarra y de las demás casas pricipales del dicho Reyno". 1515eko urriaren 16an hil zen.
Iturria: Elhuyar/ Auñamendi