Pedro IV.a Aragoikoa eta Kataluniako III.a
Pedro IV.a, Zeremoniatsua goitizenez ere ezaguna, Balaguerren jaio zen 1319an eta Bartzelonan hil zen 1387an. Aragoi eta Kataluniako errege (1336 - 1387). Alfontso IV.aren seme eta ondorengoa. Nafarroako Felipe III. Prestuaren alaba Mariarekin ezkondu zen Aneteko kapitulazioetan hitzartutakoa betetzeko (Zaragoza, 1339 - VII - 25). Bere semea Joan I.a izan zuen ondorengo.
Musulmanen aurka borrokatu zen Iberiar penintsulan; Alfontso XI.a Gaztelakoari Gibraltargo itsasartea gordeko zuela hitz eman zion (1349 - 50) eta Algeciras konkistatzeko bere ontziak utzi zizkion. Mallorka eta Rosello hartu (1344) eta Sardiniako altxamendua zapaldu zuen (1355). Bere alaba Konstantza Siziliako erregearekin ezkondu zuen eta suhia hil zenean, bere burua errege izendatu zuen (1377). Monarkiaren zentralismoaren kontra matxinatu ziren aitonen semeak menderatu zituen (1348) eta haien aginpide politiko guztiz ahuldu zuen. Perpignango unibertsitatea sortu zuen 1350ean eta bere erregealdiari buruzko kronika idatzi zuen katalanez: "Pedro IV.a Zeremoniotsuaren Kronika". Gaztelako Gerra Zibilean Enrike Trastamarakoari lagundu zion Gaztelako Pedro I.a Ankerraren kontra (1356 - 1369).
Loturak: >Ablitasen, Ezmel;
Iturria: Elhuyar/ Lur